7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Guantanamo


Hogei urte igaro dira Guantanamoko kartzela ireki zutenetik. Irailaren 11ko atentatuak gertatu eta gutxira, bertara eraman zituzten lehenengo 20 atxilotuak. Ez zen kasualitatea izan kartzela Kuba hego-ekialdeko base militar batean kokatzea, Ameriketako Estatu Batuetako legeditik eta Genevako Hitzarmenetik kanpo. Edozer egin zezaketen Guantanamon.

Eta egin zuten. Torturak. Jazarpenak. Eskubide urraketak. Gehiegikeriak. Amaierarik gabeko abusuak. Presoek ezin zituzten abokatuen eta senideen bisitak jaso. Burua urpean sartzen zieten. Loa galarazten zieten. Muturreko tenperaturak jasatera derrigortzen zituzten. Gerra bati beste gerra batekin erantzun zion George Bushek eta atxiloketa sekretuak eta torturak Afganistanera eta Irakera hedatu zituen. CIAk errugabe asko eraman zituen Guantanamora eta inork ez du horma haien artean egindako bidegabekeriengatik ordaindu.

20 urte geroago, mundu osoaren konplizitatearekin, zabalik jarraitzen du sekula ireki behar izan ez zuten kartzela polemikoak. Barack Obamak Guantanamo itxiko zuela agindu zuen eta bere presidenteordea izan zenak promesa bera egin zuen kanpainan. Baina, beste behin ere, haizeak eraman ditu hitzak. Urtea beteko du Joe Bidenek Etxe Zurian eta oraindik ez du ezer egin Guantanamo ixteko. Behin eta berriro salatzen ditu Hong Kongeko, Myanmarreko eta Siriako eskubide urraketak, baina Estatu Batuen eskubide urraketen inguruan ez du ezer esaten.

Hipokrisia horren erdian, 680 preso izatetik 39 preso izatera igaro da espetxea. Urtero-urtero Estatu Batuetako gobernuak 540 milioi dolar bideratzen ditu Guantanamora, preso bakoitzeko 13 milioi dolar baino gehiago. Garesti ateratzen da Guantanamo, baina ez bakarrik kostu ekonomikoagatik, kostu zibilagatik baizik. Giza eskubideen sistema osoari egin dio kalte Guantanamok. Beste herrialde batzuek Estatu Batuen jazarpen moldeak kopiatu dituzte eta era guztietako abusuak justifikatzeko aukera eman die kartzela horrek.

Berri Txarrakek kantatzen zuen moduan, “munduak ordutik hona Guantanamo erraldoi bat dirudi. Zeinena da erantzunkizuna, zein bizi da seguru?”.