7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Denon hilzoria


Urte bi pasa ditugu osasun zainketan, ustez behintzat. Mugarik gabeko neurriak asmatu eta ezarri dizkigute: etxean gerarazi, kalera irteteko orduak kendu, lagunarteak murriztu, txertoak mordoa, eta hasieratik bozala, ez dakit arnas-espazioa mugatzeko ala denok isilarazteko. Txertoarena beharrezkoa izango zen osasunarentzat, baina agian beharrezkoagoa txertoaren asmatzaile batzuentzat; batzuen beharretan hazten da besteen pagotxa.

Izu sortzaileak baino okerragoak izaten dira gehienetan izu hedatzaileak eta, ihesean egin duzun sailari atzera begiratuta, beste izaera bat hartzen dute gauzek. Presbizia begietan ordez entendimenduan dugunok denbora tarte bat behar izaten dugu gauzak ulertzeko. Denok ez gara iaioak jaiotzatik; zer nahi duzu!

Izutu baikintuzten izurriarekin, denok hilzorian geundela pentsarazteraino. Hainbeste ziren kutsatuak, hainbeste erietxeetara eramanak, eta erietxeetatik hilobietara, ez azken agurrik, ez beilategirik, ezer gabe desagerraraziak. Poliziak eta militarrak ikusi genituen kaleak zaintzen, inor ez zedin irten itxialdi orduetan, txakurra ateratzera izan ezean, eta federatuak soilik mendira edo kirola egitera, federatuak ez zituelako kutsapenak izorratzen.

Zernahi gauza, orotariko neurritegia inor ez zedin gaixotu, inor ez zedin hil, denok bizi gintezen; gogoz kontra balitz ere bizi. Inor hil gabe denok bizi gaitezen txertoak sortu eta ezartzeko egin den kanpaina eta ipini diren baliabideak ez dira nolanahikoak izan bi urte hauetan. Datuek beti ematen diote luzimendua historiari, baina luzamendurako tarte handirik ez daukat eta bila hasteko gogoa urri.

Orain, bi urte hauen buruan, guretik lau mila inguru kilometrora lehertu den gerraren hedatze-uhinak astindu digu atentzioa. Oraindik ez dakigu noren alde gauden gerra honetan; ez dakigu norbaiten alde egotea ala baten baten kontra egotea den funtsezkoa. Baina gerra hor dago, eta norbait hil beharko dugu, saiatu beharko dugu, gutxienez, norbait hiltzen; ahalik eta gehien hiltzen, covid garaian salbatu diren horietako batzuk bederen. Gerrak ez al dira horretarako egiten?

Hiltzeko asmorik ezean ez dago arma beharrik; armak hiltzeko egiten eta erabiltzen dira, eta asko hil beharko dugu oraindik Ukrainara bidali diren arma horiek guztiak erabiliko baditugu. Denok bizitzeko txertoetan baino inbertsio handiagoa egiten baita ahalik gehien hiltzeko armetan, Jon.