2022 MAI. 08 IRITZIA Mantel zaharrak GALDER PEREZ Gure etxean mantel zaharrak erabiltzea oharkabean natural bihurtu den ohitura da. Elkarrekin egin genuen azken bazkarian aitak mantelik ez oparitzeko esan zigun, erabili gabeko pila bat dituela kajoietan gordeta. Berriak zergatik erabiltzen ez dituen galderari ihes egiten zion. Orduan ulertu genuen mantelek bizitza dutela, haiekin egindako ospakizunak mantelaren beraren ehunaren parte direla, bertan bazkaldu eta afaldu duten pertsonen oihalezko lekukoak. Zenbat trikimailu ez dituen izango mantel zaharretako ardo orbanak eta janarien arrastoak garbitzeko. Desagertuko dira orbanak; ez, ordea, mantelen inguruko oroitzapen eta bizipenak. Mantel zaharra etxearen ezinbesteko partea da. Esmokina eta soineko dotoreak janzten dituztenek mantel berriak maiteko dituztela imajinatzen dut. Halakoak jarriko dira berriz ere Bilbon, non eta Erriberako azokan ekainean egingo duten gastronomia esnobaren gala horietako batean. Itxura denez munduko 50 jatetxerik onenak batu nahi dituzte. Haien esanetan onenak, noski. Mantel zaharrak bezala, neuk nahiago baitut eguneko menua ematen duen auzoko taberna, jatetxe panpoxoen aldean. Zalantza handiak sortzen dizkit goi mailako sukaldaritza esaten zaion horrek. Aitortu behar dut izugarri gozatzen dudala lagun on batek goi mailako afaria prestatzen duenean. Badugu, gainera, sekulako chefa den lagun nafarra, baina janaria baino, laguntasuna da goi mailakoa. Tarteka halako jatetxeren batean kapritxoa ematea ere ederra da, gutxi batzuen esku egon arren. Baina elitearentzat pentsatuta egindako sukaldaritza zantarkeria itzela iruditzen zait. Gosea izan da pertsonen gaitz potoloenetakoa, askorentzat oraindik ere bada. Neurriko elikadura, berriz, benetako arazoa da, aspaldi iragarritako pandemia. Esan gabe doa gosetea kapitalismoak ezinbestekoa duen arrakalak sortzen duela, baina baita elikadura eskasa ere. Izan ere, supermerkatuetan itxuran hain merkeak eta hain osasungarriak diren produktuak aberatsak aberatsago izaten jarraitzeko ekoizten dira, eta baliabide ekonomikorik ez dutenentzat ezinezkoa da azokan saltzen diren barazki, fruitu, haragi edota arrain freskoa erostea. Eta hantxe, Erriberako azokan txin-txin egingo dute, ustez goi mailako sukaldaritzako jakiak jaten, ez dakit noren osasunaren alde. Ez diogu aitari mantel berririk oparituko. Jarraituko dugu mantel zaharretan bazkariak eta afariak egiten. Prestatuko dugu etxeko errezetarik zaharrena, goia jotzeko modu ederragorik ez baita. Inork ez ditu etxean oroitzapenak zikinduko eta halako batean, auskalo zergatik, zikinduko balira, mantel zaharrak garbitzeko bezala, izango da ezbeharra ezabatzeko trikimailurik. Mantela hautsi arte, behintzat. Hori gertatzen denerako josten ikasi ez badugu, aterako dugu beste mantelen bat kajoitik. Zaharra, noski, amamarena edo. El hambre ha sido uno de los males más gordos de las personas, para muchos sigue siendo. La alimentación de... es un problema real, una pandemia que se predice hace tiempo. Huelga decir que la hambruna la genera la brecha que el capitalismo necesita, pero también una alimentación insuficiente. Y es que en los supermercados los productos más baratos y saludables en apariencia se producen para que los ricos sigan siendo más ricos, y para quienes no tienen recursos económicos no es posible comprar las verduras, frutas, carnes y/o pescado fresco que se venden en la feria.