2022 UZT. 31 Klima aldaketaren aztarna lumen koloreetan Aldaketa klimatikoa, amilotxaren koloreen lapurra Klima aldaketak nola modulatzen du amilotx urdinaren lumen kolorea? Hain deigarriak, begientzat hain txundigarri diren txoritxoon apaingarriak aldatzen al dira tenperatura aldaketarekin eta prezipitazioen murrizketarekin? Zientzia hipotesi hauei erantzun die berriki egin den ikerketa batek, eta emaitzak harrigarriak dira: koloreen intentsitatea eta distira galdu egiten dute. Mikel Zubimendi Euskal Herrian hain ugaria den amilotx urdinaren koloreak zoragarriak dira. Txori txiki-txikia izanagatik ere, 11,5 zentimetrokoa, ikusgarritasun handikoa da, eta bere koloreek zeharo harrapatzen zaituzte. Urdina dute koroa, horia bularraldea, distiratsu-distiratsuak. Deigarriak dira txoritxook, begientzat gozagarriak. Eta, gainera, izurrien aurrean pagotxa dira. Tropikoetara joan beharrik gabe, nor ez da liluratu gure baso edo parkeetan, zuhaitz adarretan zintzilikatutako kutxetako habietan ikusi dituenean, izaki marabilla hauen koloreen eztandarekin. Erraz identifikatu eta ezagutzeko modukoak dira amilotx urdinak, nahiz eta maiz kaskabeltzekin nahasten ditugun. Txori fantastikoak dira, antifaza duten txoriak! Mokotik buruaren atzealdera, begietatik igaroz, antifaz urdin ilunduna, kokoteko lumaje urdinarekin batzen dena. Eta zein ederra duten bizkarraldeko lumaje berde-arrea! Eta hegoak eta buztanaren goialde urdinak! Bularraldea bezala buztanaren azpialdea ere horia dute. Eta mokoa beltza da, eta hankak urdinxkak. Amalurrak hegaztietan koloreak isuri zituenean, oso zorteduna izan zen amilotxa, bai. Txori saltarina da, akrobata totala, bere hanka indartsuei esker sarritan buruz behera ikusiko duguna adarretatik zintzilik elikatzen. Txikia baina indartsua, eta oldarkorra da. Ia orotariko intsektuak harrapatzen ditu elikatzeko: armiarmak, landare-zorriak, beldarrak, koleopteroak… Pentsa, familia batek urtean 24 milioi intsektu jan ditzakeela kalkulatzen da. Pentsa zer izango liratekeen gure basoak amilotx urdinik gabe. Pentsa, basoetako izurrien triskantzak nolakoak izan litezkeen. Gorteatzean, amilotx arrak txori «punkiak» dira, gandorreko lumak zutitu, hegoak erdi zabaldu eta harro-harro ikus daitezke adarretan. Espektakulu zirraragarria da, gure basoetan ikus daitekeen ederrenetarikoa. Beren txorrotxioa azkarra eta altua da, eta elkarri deitzean «tsi-tsi-tsi» nota partikularra erabiltzen dute. Gaua heltzean ezkutatzera jotzen du amilotxak, dela zuhaitzen zuloetan, dela arroken edo pareten arrakaletan, eta nabarmentzekoa da, neguan batez ere, kaskabeltz handiarekin, amilotx mottodunarekin… taldekatzeko duen joera. Talde estrategia horien bitartez, harraparien aurrean –urubiak, hontz ertainak, belatzak, basakatuak, sugeak, etxeko katuak…– babes handiagoa lortzen dute, eta baita zaintza handitu ere. Amilotx urdina, aurkeztu dugun txoritxo perla, hartu dute UPV-EHUko eta Montpellierreko Centre d’Écologie Fonctionnelle et Évolutive erakundeko zientzialariek lankidetzan jorratu –tartean David Lopez Idiaquez UPV-EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzailearen parte-hartzearekin– eta "The American Naturalist" argitalpenean kaleratu duten ikerlan baterako lagun moduan. Funtsean, zientzia hipotesia honakoa izan da: klimaren aldaketak zer puntutaraino aldatzen du hegaztien kolorea? Zenbat eta tenperatura altuagoak, zenbat eta euri gutxiago, koloreen bizitasuna eta distira nola aldatzen da? Apaingarri sexual eta sozialak. Bi erakundeetako zientzialariak hamabost urtez egon dira Montpellier inguruko eta Korsikako amilotx urdinaren bi populazio ezberdin aztertzen. 2005. urtean abiatu zuten ikerketan 5.800 amilotx urdinen kolorazio eta bestelako ezaugarriei buruzko behaketa oharrak lortu dituzte. Erraz idazten da, hamabost urtean 5.800 amilotx, bi populazio horietako amilotx ugaltzaile guztiak. Eta azterlaneko emaitzak oso argiak izan dira: amilotxen bi populazioen urdina eta horia gutxitu egin da 2005etik 2019ra bitartean, amilotxen koroa urdinak eta bular horiak ez dira ikerketa hasi zenean bezain koloretsuak. Alegia, beroak eta prezipitazioen urritzeak, beste eragin askoren artean, apaingarri sexual eta sozialak «lapurtzen» dizkiela amilotxei. Gauza jakina da apaingarriok kalitate eta osasun erakusleak direla. Egoera fisikoaz, osasunaz eta nortasunaz informatzen dute. Eta badakigu ere informazio zintzoa pasatzen dutela, oso neketsua baita apaingarri horiek sortzea. Eta horregatik kalitate eta osasun hoberenak dituztenak bakarrik dira gai sortzeko. Hala ere, jakintzan sakondu den arren, ez dakigu osoki beren eboluzioa zerk determinatzen duen, eta hegaztion apaingarri koloretsuen inguruan klima aldaketak jokatzen duen paperaren inguruko ezjakintasuna ia erabatekoa zen. Antzeko beste ikerketa batzuk eginda zeuden burruntziekin, intsektu mailan, eta hegaztietan lepazuriekin; eta amilotx urdinaren kasuan bezala, ikusi da aldaketa klimatikoak animalien apaingarrietan ondorio negatiboa duela. Ikerketak adierazten du klima aldaketa izan daitekeela arrazoi nagusia amilotxaren ezaugarri fisikoen aldaketarako, kolorazioen distira eta intentsitatearen joera negatiborako. Behatu dute ar eta emeetan, eta bietan negatiboa da, baina Korsikako populazioan aldaketa nabarmenagoa izan da. Badirudi, ikertzaileen ustez, lumajearen kolore aldaketa tenperatura igoeraren (1,23 °C) eta prezipitazioen jaitsieraren (0,64 mm) arteko konbinazioaren emaitza dela. Beraz, ez dirudi leku guztietan aldaketaren abiadura berdina denik. Parekatzeko patroiak. Aldaketa estetiko hutsa iruditu arren, kontrakoa da: lumajearen aldaketak eraginak izan ditzake espeziearen parekatze patroietan. Amilotxek kolorazioa erabiltzen baitute beste banakoei espezimen gisa duten kalitatea adierazteko, eta hori erabakigarria da, adibidez, ugaltzeko. Amilotxen bi populazioak hamabost urtez baino gehiagoz jarraitu dituztenez, agerian geratu da zer garrantzitsua den epe luzeko ikerketak egitea, klima aldaketak gure inguruko ekosistemetan dituen ondorioak ulertzeko. Kasu honetan, nola modulatzen dituen eboluzioko dinamikak ingurumenaren baldintzen heterogeneotasunak, bereziki apaingarri diren ezaugarriei dagokienez. Izan ere, lurraldean aldaketaren bat izaten denean, animalien populazioetan lau ondorio hauetako bat gertatu ohi da: batetik, aldaketa genetiko bat jasatea; bestetik, aldaketa plastiko bat izatea (ezaugarri fisikoak aldatzea; ez, ordea, genetikoak); hirugarrenik, emigratzea; eta, azkenik, desagertzea. Azpimarratu behar da amilotxen aldaketa ez dela genetikoa izan, plastikoa baizik, ingurumen baldintza berrietara egokitzeko moduetako bat. Apaingarrietan izandako aldaketa plastikoa klima aldaketaren aurreko erantzuna da. Ezinbestekoa da erantzun horiek ulertzea eta aurreikustea. Eta amilotxak lagundu digu horretan, pista aski interesgarriak eskainiz.