2022 UZT. 31 IRITZIA Palomares berriak GALDER PEREZ Udal eta foru hauteskunde urtea dator. Agintean dauden alderdiek espaloiei erratza pasatzeko garaia. Gizarteari eraikin berriak opari gisa emateko egunen sasoia hasi da. Gure eskubide eta behar diren azpiegiturak patriarkalki eskainiko dizkigute hilabeteotan, beti argazkiari irribarrez eta oparia balitz bezala, handitasunez eta harrokeriaz puztuta. Baina herritarrok ganoraz eta duintasunez bizi ahal izateko ez dugu gehiegikerien beharrik. Esate baterako, gure hirietan benetako zuhaitzak edukitzea, asko eskatzea al da? Umeago ginenean Bilbon gaur baino askoz gehiago gozatzen genuen zuhaitzen edertasunaz eta itzalaz. Orain oso zaila da zuhaitzik ikusi eta haien itzalen babesean gordetzea. Beroa albiste eta tragedia bihurtzen ari den honetan, inoiz baino nabarmenagoa da zuhaitzen gabezia eta beharra. Baina zer eta, zuhaitzak barik, hormigoia tonaka dugu opari. Parke erraldoiak egiteko aukera izan dutenean etxebizitzak altxatu dituzte. Eraikitzen dituzten plaza berrietan ez dago belarrik, ezta zuhaitzik ere, noski. Dena da hormigoia. Bilbo aldean jarraituz, ikusi besterik ez dago Deustuko Done Petri plazako sarraskia. Han bazen harrizko eta beharrezkoa zen herri ikurra eta hori ere desagerrarazi egin zuten: kiosko zaharra. Bero itzelaren harira bueltatuz, garaiotan hiritarrok igerilekuen sekulako beharra dugu. Udan, noiz eta behar gehien dagoenean, piszina asko garbitzeko ixten dira. Irekita dauden apurrak jendez gainezka daude, jakina. Hiri erdian bada oso popularra den igerilekua, Alondegian. Auzo guztietako jendea joaten da bertara goiz edo arratsalde pasa, ume, guraso, izeko-osaba edo aitite-amamak. Eta uda honetan, noski, Elantxoben madalenetan baino jende gehiago izaten da diseinuzko igerileku horretan, besteetan bezalaxe. Txinako piszina bete-bete mitiko batean sentitzen da norbera, ezin ura ikusi, gorputz atalak estropezuka soilik. Bertan igeri egiteko saiakeran, norekin eta Itziar Ituñorekin gogoratu nintzen. Tira, “Intimidad” telesaileko protagonistarekin. Telesailean bakar-bakarrik agertzen da bera igerileku honetan, erlaxatzen, gozatzen, luxua bizitzen. Zein erraz sartzen diguten ziria. Izan ere, telesaila ikustean agintean dagoen alderdia nola irudikatzen duten zer pentsatua ematen du. Nabarmen lazgarri agertzen baitira askotan. Baina pertsonaien tramak eta gidoiaren bidegurutzeak dira. Izan ere, pantaila txikitik irudia da errazen sartzen zaiguna, iragarkietan bezala telesaietan ere. Bilbo garbi, dotore eta ustez modernoa saltzen du irudiak. Hain da esajeratua, pornografikoa baitirudi. Ez dut orain telesailaren iruzkin edo kritika sakonik egiteko asmorik. Baina aurreko astean igeri egiteko saiakeran, hainbeste lagun ezezagunen ostikada eta eskutadak uretan jaso eta gero telesaileko protagonistarekin gogoratu nintzen eta fikzioan bizi nahi nuke. Eta hori salduko digute gertu dugun kanpainan: telesail eder batean bizitzeko gezurrezko aukera etengabea. Desde la pequeña pantalla es la imagen la que más fácilmente nos entra, tanto en anuncios como en series de televisión. La imagen vende un Bilbao limpio, elegante y supuestamente moderno. Es tan exagerado que parece...