7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Hala ere


Uda idor eta bero honetan, hizketa gaiak eta gogoa bera ere ihartzen dituen uda bero eta lehor honetako abuztuaren lehen igandean hondartzetara deia beste urte batez, beste behin. Arian-arian, mendeen buruan talkaz eta igurtziz harea xehe bilakatutako harkaitzak pilatzen diren leku horietara, itsasoari aldarri egitera. Aldarri guztiei sorgor dirudite olatuek beren joanean eta etorrian, ezeren eta inoren errukirik gabe, sorgor diruditen moduan harriek eta harriz eraikitako hormatzarrek. Eta hala ere.

Badira urte batzuk, badira uda batzuk, eta milaka pauso dira hondarretan. Oinatzak egin bezain bizkor ezabatzen dituzte olatuek ur ertzean, eta eguzkitan xigortzera etzateko leku bila dabilen jendearen arrastoekin nahasten dira hondar lehorrean. Ikusminez so geratzen dira batzuk, jakin minez galde egiten besteren batek pasaeran, ez da falta ikusi edo jakin nahi ez duenik, alboan pasatzean begirada beste aldera jiratzen denik.

Denok gabiltza nola edo hala lekuren baten bila, egoteko edo ibiltzeko lekuren bat nahi dugu, ezkutatzeko, agertzeko edo aldarrikapenak ikusarazteko lekuren bat. Eta bada zer aldarrikatu, zer eskatu eta zeri aurre egin. Aldarrikapenek badakite iragankorrak izaten, garaiz kanpo geratzen direlako edo aldarrikatzeko arrazoiak funtsik gabe geratzen direlako. Baina beste arrazoi batzuk sortzen dira, jartzen dizkigute aurrez aurre, hormatzarrak legez, pasa ez gaitezen. Sorgorkeria dohaintzat dute batzuek, besteen eramana ahitzeko dohain baliagarritzat. Ongi frogarazi digute, eta jasanarazi, eskaintzeko ezer gutxi eta ukatzeko dena dutenek. Eta hala ere.

Aspaldian ezarritako ukoa eta hormatzarra da presoen urrunketa eta sakabanaketarena; Estatuek gure herri honen aurka erabili izan duten eta gaur oraindik darabilten horma da, ez gaitezen pasa, etsi dezagun, denborak harea lehor bilaka gaitzan, hondar lehorrean egiten ditugun oinatzak aztarnarik utzi gabe ezaba ditzan denborak. Denborak eta nekeak ahituko gaituen itxaropenean jarraitzen baitute hormatzar pitzatuei eusten, trabak gehitzen, sorgor. Baina urtez urte hondartzetan oinatzak berritzen dituzte presoen lagunek, senideek, jaio zirenetik espetxez espetxe labirintoa zeharkatuz hazi direnek, urteen zama garraiatzen duten gurasoek.

Eta jarraitu egingo dugu hala ere, Mikel, hormatzarrak hondar bihurtu arte.