7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

«Ebaketa da eraikina»


Fruta pieza bat mozten dugunean ulertzen dugu non gordetzen dituen haziak edo enborra mozterakoan zuhaitzaren urteak irakurri ahal ditugu. Ebaketak, eraikin bat pentsatzen den lehen momentutik moztuta pentsatzeak, laguntzen du “gaurko” arkitektura egiten.

Garai klasikoak ereduak eta proportzioak erabili ohi zituen arkitektura bat tokira egokitzeko. Modernitateak oina izan zuen oinarri mekanismo funtzional, efikaz eta egokiaren bilaketan. Aspaldidanik, ordea, ebaketa da eraikin gehienen sortze abiapuntu, kasu hobenetan.

Arkitektura garatzerakoan, hasieratik eraikina izango den objektuaren ebaketa lantzeak espazioaren beste irakurketa bat eskaintzen du; bestelako arkitekturak garatzen ditu. Ebaketa pentsatzen denean agertzen dira arkitekturan espazioen atmosfera, argia edo barne proportzioak. Baina, baita ere, eraikinak inguruko espazio urbanoari eskaini diezaiokeen hura. Alegia, egungo eraikinen mugak gero eta lausoagoak dira inguruko espazio urbano edo naturalekin. Ebaketan lan egiteak ez du hainbeste objektu baten bilaketa jarraitzen, baizik eta paisaia baten proposamena. Edo, gutxienez, hori sinetsi nahiko nuke, gaur, eraikin objektu hutsetik haratago, egiten ditugun interbentzioek inguru hurbilak eraldatzen dituztela. Akaso, egoitza pribatuak diren kasuetan nekezago aurkituko ditugu honelako proposamenak. Ekipamendu publikoak egiten direnean, ordea, eskatu beharko genuke arkitektura ariketa zabalagoak egitea, ez soilik eremu urbanistiko trinkoaren barneko legean murgiltzea.

Japoniara eginiko bidaietan harriduraz ibiltzen zara kalearen eta eraikinen barneetan. Barneetan diot, hain zuzen ere, Tokioko eraikinetako altuerak ere kale bezala uler ditzakegulako. Ohikoa da eraikin batek erabilera ezberdin ugari kontzentratzea bere barnean eta, horrek publikoa eta pribatua bezala ulertzen dugun dikotomia okzidentala lausotzen du. Bulegoak, dendak, egoitzak edo, 10. solairuan, taberna bat aurki dezakezu. Eraikinon barne espazio batzuk, hortaz, kalearen prolongazio gisa uler daitezke halabeharrez. Erabilera nahasketak espazio urbanoa eraikinen barnean sartzera derrigortzen du.

Honen eredu da Sendai hirian dagoen mediateka. Eraikinak ez ditu erabilera ezberdinak nahasten, baina kalea eraikinean sartzearen ideiari eusten dio. 2001. urtean ireki zen Sendaiko mediateka, Toyo Ito arkitektoak diseinatua. Mediateka batek dituen funtzio konkretuez gain (nahiz eta nahiko berriak ziren mediateka baten funtzioak garai hartan), eraikinak kalea luzatzen du bere barnean. Alegia, kalera ematen duen fatxadan, altuera bakoitzean espazio indefinituak agertzen zaizkigu. Eta solairuz solairu joan gaitezke kale bertikal bat balitz bezala, agertzen diren altzarietan eseri eta ingurura begiratu edo egunkaria irakurtzera. Hiri multzoa, modu honetan, aurreiritzirik gabeko eskala eta tamaina ezberdindun eraikinez osatzen da.

Vaumm arkitektura taldeak Hamalau estudioarekin batera bukatu berri duen Zurriola ikastolaren egoitza berria bisitatzera joan nintzenean antzeko esperientzia bat bizi izan nuen. Villa Sacramento, Ategorrietan zegoen eraikina, ordezkatu dute. Inguruan, adinduen egoitzak, sanatorioa, etxebizitza unifamiliarrak edo trenbide sarea aurkitzen dira. Hiri nahasia, hargatik interesgarria. Egungo plangintzak sekula sortuko ez lukeen dibertsitatea. Aldiz, kasu honetan, araudiak behartutako alineazioek eta aprobetxamendu maximoek sortu dute argazkian ikus daitekeen emaitza. Arauak alde batetik, baina baita ere arkitektoek behin eta berriz lantzen duten eraikinen izaera urbanoak, izaera paisajistikoak edo, sarri lerro hauetan aipatu izan dugun arkitektura mota baten plataforma izaerak. Alegia, arkitektura bat, non gauzak gertatuko diren, efektu guztiak aldez aurretik ez dituena diseinatzen, baizik eta gertatzen utziko duen egitura. Halaxe uler daiteke Zurriola ikastola berria, hezurdura bat, non joko espazio, plaza eta elkarguneak maila eta solairu ezberdinetan agertzen diren. Eta azkenaldian ohiko den bezala, barneko ikasgelak aldakorrak izango dira egunean zehar eta adin ezberdinen talde lanen arabera.

Arkitektoek darabilten proiektuaren memoriak manifestu itxura hartzen du; hamar puntutan labur partekatzen dituzte haien asmoak. Lehena, eraikina produktu –objektu– bezala baino, nahiago dutela ulertzea prozesu gisa. Bigarrena, aurretik esan bezala, araudi urbanistikoaren mugak alde erabili dituztela, alegia, ezinbestean altueran pilatu dituzte ikastolaren beharrak. Datozen puntuek aspaldi lerro hauetan aipatu diren moldakortasun eta etengabeko bilakaerari egin diote men. Hots, ezustekoak onartuko dituen eraikina proposatzen da. Honek, definizio-indefinizio mugan jartzen du arkitektura. Baita ere, denborak bere tokian jarriko dituen beharrei egokituko zaion eraikin bezala ulertzea aldarrikatzen dute. Ulergarria da, egun, hezkuntza programen ezegonkortasunek epe laburrean eskatuko dituzten aldaketak eraikinek jaso beharko baitituzte.

Eta uste dut beraien manifestuak dituen lerro gehienek ebaketa dutela oinarri edo ebaketa abiapuntu. Zera esan nahi dut, ebaketatik sortzen diren proiektuek bidea –bizia– luzeagoa dutela, sortze beretik pentsatu baitute organismo horren hazkuntza aurreiritzi formalik gabe.