2022 URR. 09 IRITZIA Neonezko argiak eta ilunak amagoia mujika Estatu espainolean hamar gizonetik lauk aitortzen dute prostituzioa kontsumitzen dutela. Kontu zaharrak direla pentsatuko dugu akaso, garai bateko gizonkeriak. Igual irudituko zaigu putetxeetako bonbilla erdiak erreak daudela, argia debekatzen duten gortinak kolorgetuak eta paretako paper loredunari loreak zimeldu zaizkiola; putetxeak eta bertako ibilerak joandako garai batekoak direlakoan. Baina errealitatea bestelakoa da, eta ez diot neonezko argirik igartzen. Izan ere, zer den aldrebesa hainbeste iluntasun ezkutatzen duten etxeak neonezko argiz apaintzea. Zenbat arima ez ote diren itzali barru bazter horietan. Amelia Tiganus ekintzaile eta idazle feminista institutuetan aritzen da sexu indarkerien inguruko hitzaldiak ematen. Bere begiekin ikusi duena ez da oso lasai egotekoa. «Institutuetan hitzaldiak ematen ditudanean eta mutikoei putetan ibiliko ote liratekeen galdetzen diedanean, matxoenek baietz erantzuten dute, horiek dira hamarretik lauak, pribilegio hori dutela uste dutelako. Gainerakoetatik batzuek kategorikoki esaten dute ez luketela egingo, baina ez emakumeekiko abusua iruditzen zaielako, nazka ematen dielako baizik. Horiek putazale bihurtzeko txartel guztiak dituzte, nazkak morboa sortzen duelako, eta azkenean putetara joateko eta kontzientzia lasai izateko modua aurkituko dute. Adibidez arratsaldeko lehen orduan, haragiaren merkatua irekitzen denean eta emakumeak dutxatuta daudenean. Gainerakoek esaten dute ez liratekeela putetan ibiliko nahi duenarekin larrua jotzen dutelako doan. Urte hauetan guztietan mutil pare batek bakarrik esan dit ez luketela egingo, inoiz ez luketelako sexurik izango beraiekin eduki nahi ez lukeen emakume batekin, hori gehiegikeria litzatekeelako». Amelia Tiganus bost urtez prostituzioan aritu zen Estatu osoko 40 bat klubetan. Honaino iritsita, zer demontre egiten ari gara egungo gazteen parte batentzat oraindik tentagarria izateko emakume batekin harremanak izatea parekoak ez duela nahi jakinda ere? Nola eraikitzen da desira zapaltzaile hori? Zergatik dago hain normalizatua bortxaketaren kultura? Nola da posible gizon gazte askorentzat emakumea bere gozamen propiorako tresna hutsa izatea? Non dago hor plazera? Paretik parera, batek eta besteak nahi dutelako, elkar korapilatzea plazera da. Elkar deskubritzea eta kitzikatzea, bestearen gozamena zure gozamenaren parte ezinbesteko bihurtuz. Jendartearen parte batek –emakumeek nagusiki– nahiko garbi dauka hori. Eta ez dago geneetan, pertsonak eraikitzeko moduan baizik. Tiganusi hitzok lapurtuta, «garaiz gaude gizonak pertsona bihurtzeko». Preguntados en los institutos, cuatro de cada diez chicos reconocen que andarían en putas. Los de... dicen que no, porque les da «asco». Casi nadie ha dicho que no le gustaría tener sexo con la mujer que no quiere sexo con ella, porque eso sería una opresión.