2022 URR. 16 IRITZIA Gabezien beldur JOKIN URAIN Joan zen uda, eta udazkena heldu da. Uda betekoari esaten diogu uztaila, eta egia da hilabete horretan jasotzen direla, lehenago ez bada, hainbat labore, eta abuztuan ere bai, baratze eta soroetakoak batik bat, sororik dagoen lekuetan bederen. Baina udazkeneko hilabeteak ere uztaren aro izan ohi dira. Udazken aldera datoz arto eta babarrun, udazkenean ematen dute basoko zuhaitzek beren ezkurra, udazkenekoak dira intxaur, ur, zenbait baia eta negua igarotzeko elikagai ugari. Egia da gaur, elikagaiei dagokienez behintzat, urtaroei eta sasoian sasoikoari asko igarri gabe bizi garela edo bizi gaitezkeela, hemen ez denean munduko beste inguruneren batean izaten delako udaberri eta uztaro, eta edonondik etxe ondoko dendaraino oparo ekartzen dute zernahi. Eta premiazkoa ez dena ere biltzen dugu handik, hondatzen dena bota eta ekarri gehiago, eta bapo. Erreserban ez dadila ezer falta; gabeziak baino gabeziaren aurreikuspenak larritzen baikaitu. Horrela bizi gara, eta bizi nahi genuke luzaroan, mugarik gabe pagotxa dugun bitartean. Ez dugu nahi besteen eskasia gure endredo izaterik, ez gaitu horrek gehiegi kezkatzen, berriketarako gaia da asko jota. Geure erreserbak ahitzeko arriskua sumatuz gero estutzen garela ematen du, ordea. Aseak ematen digu osasuna, eta asealdian irautea dugu lehen helburu; elikagaietatik asez, baina ezinbestekoak ez diren gauzetatik ere ahal dena geureganatu eta oka egin arte betez. Hartzeko beti prest, emateko uzkur, gabezian geratuko ote garen beldur, beti pilatzen. Oparoaldian pilatu eta gorde, eta dena erreserba pertsonalean bakoitzak beretzat gorde dugu dirudienez. Ospitaleetan odol erreserben eskasiagatik alarma jo dute; odol emaile kopuruak lehenean jarraitu edo behera egin omen du joan den udan. Inori eman gabe, zainetan geneukan guztiarekin joan omen gara oporretara. Ez dakigu inkestarik egin den horren arrazoiak jakiteko eta, beraz, zikoizkeria dela pentsa dezake batek, ardurarik eza dela besteak, baina nago etorkizun beltzari erreparoa ez ote den... Okerrera jota, uztaroak eta diru zorroa ez ezik odola ere agortuko ote diguten beldur garela esan liteke. Eta ez da gutxiagorako; etorkizun beldurgarria iragartzeko joera ez da gaurkoa, Itsaso. Xenpelarrek azken juizioa aurreikusi zuela badira ehun eta berrogeita hamar urtetik gora, eta horretan jarraitzen dugu. Aseak ematen digu osasuna, eta asealdian irautea dugu lehen helburu; elikagaietatik asez, baina ezinbestekoak ez diren gauzetatik ere ahal dena geureganatu eta oka egin arte betez. Hartzeko beti prest, emateko uzkur, gabezian geratuko ote garen beldur, beti pilatzen.