2022 URR. 23 IRITZIA Nolakoak amagoia mujika Eta? Nolakoak gara gu? Baina zein gara gu? Nolakoak zeinen begietara? Azkenaldian gutasuna eta nolakotasuna korapilatzen zaizkit buruan, nik nahi ez izanda ere. Eta buruan eraikiak ditudan armairu batzuk desmuntatzen saiatzen ari naiz. Parean daukazuna armairu bateko zein kajoitan sartuko zenukeen edo zein pertxatan eta nola zintzilikatuko zenukeen pentsatzen duzun bitartean, pareko pertsona lanbrotu egiten zaizu. Anitza da gure herria, gero eta anitzagoa. Batzuetan burbuilan bizi gara, inguruko kale, denda, taberna, ezagun, lankide, bulegoek borobildutako burbuila. Eta azkenerako borobiltasun hori mundua dela sinisteko arriskua daukagu. Nahikoa izaten da pausoa pixka bat harago luzatzea, munduak bestelako puntak dituela konturatzeko. Garraio publikoan ibili, seme-alaben institutuko bilerara joan, erietxean itxaronaldia egin, oilaskoa tonaka saltzen duten fast food batean zain egon... Ostras, hau ere bada gure herria, hau ere bagara gu (gure herrikoek osatutako gutasunaz ari bagara behintzat). Eta horrelakoetan pentsatzen dut politikako profesionalek ez daukatela lantegi erraza. Hauteskunde usainean laster hasiko dira «gure herria» eta «gure herritarrak» gora eta behera. Ez da erraza izango «gure herria» horretan kabitzen diren denak kontentatzeko moduko hauteskunde menua osatzea. Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioetan pizten zaizkit antzeko burutazioak. Bertsolariei eskatzen zaie –gero eta zorrotzago–, parean dituzten horiengana ahalik zabalen iristea, ahalik txalo zartada gehien piztea. Baina mundu ikuskera batek ez du plaza osoa berotzen, batzuk majo berotzen dituen ideiak beste asko epel uzten ditu eta baten bat hotz. Eta han plazan dauden denek gutxienez tasun bat partekatzen dute: euskaldunak dira. Ez da txantxetako kointzidentzia. Batzuek azala fina daukate gai batzuen aurrean, bertso on bat oker ikusten dute mamia ez bazaie gustatu. Beste batzuek pentsatzen dute gaur egun dena dela asaldagarria eta dagoeneko bertsolariak ezin duela patxadaz abestu, alde ederrekoak zirela lau-bost astakeria lasai ederrean bota zitezkeen garaiak. Esajeratu hutsak direla gaur egungoak. Batzuek lasai barre egiten dute ateraldi batzuekin, beste batzuk pentsakor geratzen dira, zirto hori oldarkorregia, zapaltzaileegia ote. Eta gozamena iruditzen zait plaza horri begira egotea, gure herri anitzari begira egotea hainbeste. Gu horrelakoak gara, denak bakarrak eta denak bata bestearen desberdinak. Partekatzen dugun herriak nolakoa izan behar duen erabaki beharko dugu, denok kabitzeko modukoa eta Euskal Herria izaten segitzeko modukoa akaso? Politikako profesionalek ez daukate lantegi erraza. Hauteskunde usainean laster hasiko dira «gure herria» eta «gure herritarrak» gora eta behera. Ez da erraza izango «gure herria» horretan kabitzen diren denak kontentatzeko moduko hauteskunde menua osatzea. Izan ere, nolakoak gara? Nolakoa da gure herria?