7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Jabetza horizontala


Askotan entzun izan dugu frankismoaren etxebizitza-politika laburbildu zuen esaldi borobil hau: «Queremos un país de propietarios y no de proletarios», baina gutxitan hitz egiten da oraindik indarrean dagoen 1960ko jabetza horizontalaren legeaz. Jose Luis Arrese ministro bilbotar falangistaren lege honek eraikinak pisuetan banatu zituen, jabegoa indibidualizatu zuen eta eraikin baten espazio amankomunak minimora murriztu zituen, sortu berri zituen “jabeen komunitateetako” kideen arteko liskarrak gutxitzeko. Gaur egungo gure elkarbizitza lege horrek markatzen du; pisuak, hipotekak, komunitate bilerak, igogailu mantentzeak eta portal birmoldaketak. Etxebizitza arloan nolako arazoa dugun ikusita, harritzekoa da gehiagotan kolokan  jarri ez izana.

Jabetza horizontalaren legea kolokan jartzen duen sistema sustatzen urte asko daramate jada Bartzelonan eta oro har Katalunian. Erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatibetan kideak ez dira beti proletarioak, baina ziur ez direla propietario. Sistema sinplea da: bizilagunak izango diren kideek kooperatiba osatzen dute, lurra zesio baten bitartez lortzen da eta eraikina kooperatibaren bitartez eraikitzen da. Lurraren lagapena lortzeko, ezinbesteko baldintza izaten da eraikinaren zatiketa horizontala egiteko debekua estatutuetan txertatzea. Eraikina kooperatibarena da, kolektiboarena, eta ez kide indibidualena. Horrela, kide bakoitzari sarrera kuota bat eskatzen zaio eta hileroko kuota bat (30.000 euro eta 500 euro gutxi gorabehera, La Borda proiektuan) bertan bizitzeko, baina ezingo du saldu; proiektua utzi nahi izanez gero, hasierako kuota soilik bueltatuko zaio, jabetzarik ez dagoelako. Jabetzarik gabe ezin da espekulaziorik sortu. La Borda (Sants, Bartzelona) prozesua abiarazi zenetik eta ondoren izan duen arrakasta ikusita, asko dira sustatu eta eraiki diren proiektuak.

La Chalmeta da proiektu horietako azkenetako bat. 2017an hasi zen, Bartzelonako Udalak sustatutako lehiaketa irabazi zutenean kooperatibako lehen kideek, etorkizunean eraikinaren arkitektoak izango ziren Vivas Arquitectos eta Pau Vidal Arquitectes taldearekin eta prozesuaren kudeaketa eramango zuen taldearekin batera. Proiektu hori La Marina auzoan kokatuta dago, Bartzelonako mendebaldean sortu berria den auzune batean, eta 32 etxebizitza ditu, zortzi solairutan. Eraikinaren bolumetria zuria modu dotorean altxatzen da forma ia kanonikoan, ia kubo perfektu bat izango balitz bezala, hiri bloke baten izkinako orubearen forma definitzeko forma interesgarri batean. Perimetro osoa jasotzen duten balkoiek definitzen dute fatxada eta etorkizunean etxebizitza horietan biziko direnen landare, objektu eta abarrek aberastuko dute orain mihise zuria den bolumena. Etxebizitzen banaketa ere nabarmentzekoa da bere neutraltasunagatik eta espazioen tamaina antzekoagatik, sukaldeari eta egongelari tamaina berbera eskainiz. Ezin dira ahaztu behe solairuetako espazio amankomunak, supermerkatu kooperatibo bat, ikasteko edo lan egiteko espazio bat, egongela komunitario bat eta bestelako zerbitzuetarako aretoak jasoko dituztenak. Bertan 2021eko irailetik bizi dira kooperatibako kideak, elkarbizitzan.

Fatxadetako leihoen tamainak kontraste nabaria sortzen du alboko eraikinekin, baita balkoi luzeek ere. Aldiz, barruko akaberak sinpleak dira. Horiek kooperatibistek aukeratu dituzte, sustatzaile eta erabiltzaile diren heinean. Diseinu-prozesuaren parte zarenean egiten dituzun aukeraketak direla uste dut nik. Sustatzailearen helburua bertan bizitzea denean eta ez horren kontura dirua egitea arkitektonikoki zentzuzkoak diren aukeraketak egiten dira. Arkitekturak irabazten du eredu honekin.

Hori ikusita, askori hau datorkigu burura: «Eta Euskal Herrian zergatik ez?». 2014tik aurrera hainbat talde sortu ziren gure lurraldean zehar eredua hedatzeko, baina horietatik gutxi batzuek diraute borrokan. Eredua sustatzeko ezinbestekoa da botere publikoen lankidetza eta borondatea eta Euskal Herrian ez da halakorik egon. Eskuineko alderdiek beti aurka egin dute, merkatuek sustatzen duten espekulazioaren aldekoak direlako, eta ezkerrekoak, berriz, mesfidati agertu dira beti, ekimen pribatua eta lurraren pribatizatze bat dela uste dutelako. Nahiago dute betiko babes ofizialeko etxeak eraikitzearen mantra errepikatu, noizbait funtzionatuko duen sinesmen erosoarekin biziz.