2022 ABEN. 04 IRITZIA Indartsuak amagoia mujika Errepide bazterretik ikusi zaitut, euritan, herrirantz. Autobusak desastre dabiltza. Segur aski Donostiara joan zara, beste askotan bezala, botoi batzuk, kremailera bat, belkro zati bat... bilobari egindako jertsearentzat, semeari konpondu beharreko galtzentzat, sukaldeko gortinarentzat. Ez daukazu gidabaimenik. Gazte zinela aitak esaten zizun itsusia zela emakumeek gidatzea, zaila zela gainera emakume batentzat, ea zer demontretarako behar zenuen zuk autoa. Berak eramango zintuela behar zenuen tokira eta ezkondutakoan, senarrak. Pena hori baduzu. Gustatuko litzaizuke gidatzea, nahi duzun tokira joateko, inork eraman beharrik izan gabe. Gustuko musika jarrita, besoa leihatilan paratuta. Oihuren bat bota aurrekoari, maldizioren bat, ahots goran kanta bat abestu. Baina ez dakizu gidatzen, zaila omen da emakume batentzat. Azken berrogei urteetako autobusen ordutegiak, geltokiak, koloreak, zenbakiak buruz dakizkizu. Behin, iloba baten haurrari oparitxo bat erosten topatu zintudan, zure etxetik bi autobus, tren bat eta oinez hamabost minutura. Horrek erraza behar du. Gidatzea omen zaila. Ekonomiaz ideiarik ez daukazula esan dizute. Hori zaila dela emakume batek ulertzeko. Zenbakiak gauza serioa direla. Dozena erdi seme-alabari jaten eman diezu. Harakinari xerrak finxeagoak egiteko eskatuz, kiloan gehiago kabitzeko. Arrautzak eskas zirenean esne pixka batekin moldatzen tortilla, gehiagorentzat iristeko. Arrainaren burua jaten ikasi zenuen, gustatu arte, mahaian denek arrain pieza bat izan zezaten. Baina ekonomiaz ez omen daukazu ideiarik. Ekonomia zirkularra entzun duzu albistegian semearen galtzak josten ari zarela. Hitz potoloen puntaz ziztatu duzu hatza. Ekonomia zaila bada, pentsa ekonomia zirkularra. Mareatu zara ia. Zuk dakizun bakarra da seme-alabak beti ahalik txukunen eta garbien joan direla eskolara, gazteenak zaharrenen arropak heredatuz, gogoz kontra eta kexuka, hori bai. Ezkondu aurretik ez zitzaizun jostea gustatzen eta amak sekulako lata ematen zizun, emakume batek bai ala bai josten jakin behar zuela. Gero derrigorrez ikasi zenuen, ez gustuz. Etxean haur asko eta arropa berriak erosteko txanpon gutxi. Zure gonak ere moztuz, estutuz, moldatuz aritu izan zara, modan kabitu nahian. Errepide bazterretik ikusi zaitut, euritan, herrirantz. Azaroaren 25a da. Abenduaren 4a ere bada, eta urtarrilaren 27a. Egun guztiak dira emakumeen kontrako indarkeriaz zikindutako egunak. «Indarkeria» hitzak adina forma dauzka «indartsua» hitzak. Emakume indartsuz inguratuta nagoela pentsatzen dut askotan. Heroi propioak aukeratzen hasteko adina ere badaukat eta ez, ez dut pantailarik edo egunkaririk begiratzen nire heroiak ikusteko. Gertu dauzkat, oso gertu. Egun guztiak dira emakumeen kontrako indarkeriaz zikindutako egunak. «Indarkeria» hitzak adina forma dauzka «indartsua» hitzak. Emakume indartsuz inguratuta nagoela pentsatzen dut askotan. Ez dut pantailarik edo egunkaririk begiratzen nire heroiak ikusteko. Gertu dauzkat, oso gertu