7K - zazpika astekaria
DURANGOKO AZOKA 2022

«Labanka-DA!», Landakoko gorpuaren misterioa

Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Durangoko Azoka. Gorpua agertu da Landakon stand batean. Aurpegia ez zaio ondo ikusten. Ezin jakin editorea, idazlea edo musikaria den. Baina ez da dudarik, hilda dago eta hortxe dago, begien aurrean.

Uxue Razquin da gorpuari begira dagoena. Zorionez, amesgaiztoa izan da. Gertaera txiolandian partekatu eta “hor liburu bat dago, ez da inoiz egin”, erantzun dio txiolari batek baino gehiagok.

Liburua ez, podcasta bihurtu da, eta NAIZ Irratian entzun ahal izango da aurtengo Azokak irauten duen egunetan, abenduaren 8tik aurrera. «Txioa ikusita pentsatu genuen Durangoko Azokaren inguruan fikziozko podcast bat sor zitekeela. Are gehiago, guk Uxue aurrez aurre joan den urteko azokan ezagutu genuenean», gogoratu du Goiuri Eceizak, “Bigarren Kafea“ irratsaioko kazetariak.

Iñigo Asensio kideak proposamena egin zion Razquini. «Uxueri amua bota genion eta hortik hasi ginen elkarlanean, fikziozko lan soinudun bat egin genezakeela pentsatzen. Egia esan, guk harria bota eta hark harria jaurti zigun bueltan. Baietz, zerbait egingo genuela. Eta orduz geroztik erlojuaren aurka ibili gara lanean», kontatu du.

Erein argitaletxeko editoreak eta Nerea Loiola idazleak sinatu dute gidoia. Razquinek gonbidatu zuen idazle debarra proiektuan parte hartzera. «Urrian izan zen hori eta ez genuen denbora askorik, baina ilusio handiz jaso nuen, banekien oso ondo pasatuko genuela. Proposamenak bazuen erokeriatik, baina era berean egin nahi genuen», adierazi dute biek.

Loiolak badu eskarmenturik gidoigintzan. Eta Razquinek dozenaka liburu irakurriak ditu polizia generokoak. Bidean «harrigarriki ondo» funtzionatu dute, hala aitortu dute.

Eceiza eta Asensiorekin batera laukotea osatu zuten. «Whatsapp talde baten bidez lotuta egon gara, lanean eta barre asko egiten», kontatu dute NAIZ Irratiko esatariek. Iñar Sastrek sortu du jatorrizko musika eta ekoizpen teknikoaz Korima Films arduratu da.

Izenburua, “LabankaDA!”, Azokari keinu eginez. «Atzean lan serioa dago, baina izenburutik bertatik igarriko du entzuleak umore puntua. Gisa honetako hitz jokoak bat baino gehiago aurkituko ditu entzuleak. Izan ere, euskaldunoi asko gustatzen zaigu», iragarri dute bi gidoilariek.

Hamar minutuko lau atal. Lau kapitulu izango dira denera. «Hamar minutuko pilulak egin nahi izan ditugu», azaldu du Loiolak. Bi pertsonen arteko konbertsazioa du ardatz podcastak, Unai –Iñigo Asensioren ahotsean– eta Nahia –Goiuri Eceizarenean–. «Pertsonaiek markatzen dute traman aurrera edo atzera noiz egin», zehaztu du Razquinek. Azokara abenduaren 8an hurbildutako bisitariak dira bi protagonistak. Bezperan gertatutako hilketaren egilearen peskizan haiek nola, modu berean inbestigazioaren jolasean parte hartzera gonbidatu nahi dituzte entzuleak.

Fikziozko lana da irrati uhinen bidez entzungo dena. Aurtengo Azokan girotua da podcasta. «Badakigu fikzioa dela, baina eszena literarioa Azoka izango da. Beraz ‘zerbait gertatu da eta ni hemen ondoan nago’, entzuleak sentipen hori izatea nahi dugu», nabarmendu du Razquinek.

Iruindarrak izandako amesgaiztoak markatu zuen tonua hasieratik. «Eszena oso polita zen narrazio poliziakoa hortik abiatzeko», aitortu du. «Gorpuak ematen dizu aukera jolasteko eta intriga sortzeko», gaineratu du Loiolak.

Nerea Loiolak eta Uxue Razquinek «kontakizun interesgarria, entretenigarria eta misteriotsua» sortzeko ahalegina egin dute. Argazkia: Gorka Rubio | FOKU

Thrillerra eta umorea. Polizia nobelaren eta nobela beltzaren osagaiak ditu, eta umoretik edaten du podcastak. «Garrantzitsua iruditu zaigu. Euskal kulturan eta literaturan behar dugu umore pixka bat. Bi pertsonaien arteko elkarrizketak ahalbidetu digu hori egitea», azaldu du Razquinek.

«‘Bigarren Kafea’ magazinaren proposamena irekia zenez, nahi genuena egiteko aukera izan dugu. Zer egin nahi genuen? Ondo pasa! –dio albotik Loiolak–. Aldi berean, testuingurua Azoka izanik, ezinbestekoa zen euskal literatur sistema bertan egotea. Barrutik barre egin nahi izan dugu, eta ingurukoei bakarrik ez, baita geure buruari ere».

Eta barrearen eskutik dator kritika. «Literatur sistema orokorrari edo Euskal Herrikoari, edo jokabide jakin batzuei...», nabarmendu du idazleak. «Baina etsairik ere ez dugu egin nahi», adierazi du idazketa prozesuan gorde behar izan duten orekaren adierazle.

«Ero samarrak» gerta daitezkeen lekuetara iritsi dira, euren esanetan; «baina beti satiratik eta errespetutik (batzuetan)», argitu dute. Barrea marraztu zaie aurpegian, irudimen askeak sortu duen espekulazio guztia gogoratzean. «Une batzuetan geure burua zentsuratu dugu, baina iritsi gara leku batzuetara...», diote, konplizitate begiradaz.

Kameoak. Euskal Herriko pertsona ezagun batzuek ere parte hartu dute podcastean. Idazleak, editoreak, kazetariak... Ezin artikulu honetan izenak aurreratu. Ahots ezagunen bat ere entzungo dute pertsonaiaren bat jokatzen.

Korima Films-ek eskainitako baliabideei dagokienez, gustura daude bi sortzaileak. «Gauza oso serioa eta fundamentuzkoa geratuko da», iragarri dute.

Fikzioko podcastak nonahi entzun daitezke gaur egun. Baita Euskal Herrian kokatutako thrillerrak irakurri ere. Ezin boom-a uka.

«Guzti horri ere barre egin nahi izan diogu. Edozeretik eta edozeinek podcasta egiten du. Ustez erraza da zerbait grabatzea eta argitara ematea. Guk ere podcast honetan parte hartu dugunez, ‘egin diezaiogun horri guztiari barre pixka bat’ pentsatu genuen», kontatu du Loiolak.

Gaur egungo hizkuntzara eta kodeetara ekarritako garai bateko irrati-nobelak eta irrati-antzerkiak dira podcastak. «Bai, haiek oso gogoan izan ditugu. Kontakizun interesgarria, entretenigarria eta misteriotsua egiten saiatu gara», adierazi dute.

Hildakoa eta hiltzailea, biak, aurpegi ezagunak dira Euskal Herrian. Nor ote? Haien identitatea jakin nahi duenak “LabankaDA!” fikzio sonoroa izango du zain, abenduaren 8tik 11ra, NAIZ Irratian.