7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Arkitektura eta zentzumenak


Irudiz gainezka dagoen XXI. mende honetan, esperientzia bisuala lehenesten dugu beste zentzumenen gainetik. Teknologia berriek eta sare sozialek –Instagram, Pinterest, Tiktok…– bizitza mediatizatu dute, irudi huts bat bihurtuz askotan. Arkitektura ez da, ordea, argazki batean azaltzen den irudi finko bat; lau dimentsio (gutxienez) dituen bizipena da.

Pantaila digitalean edo paperean, eraikinak denboran izoztuta daudela dirudi. Errealitatean, espazioak tridimentsionalak dira, eta gure gorputz osoarekin engranatzen dira haien inguruan edo haien barnean mugitzen garen bitartean.

Beharbada existentzialista nabil azken boladan, baina logika unibertsalistek errealitatearen hari finak deskorapilatzeko gaitasun txikiagoa dutela nabarmenagoa egiten zait denbora pasatzen den heinean. Ideia abstraktu eta unibertsalez gain, arkitektura milaka bizipen fragmentariok osatzen dute; zentzu guztiekin antzemandako atmosferaz dago eraikia funtsean.

Horri buruz luze eta zabal idatzi zuen Juhani Pallasmaa arkitekto finlandiarrak, 1966an argitaratutako “The eyes of the skin” liburuan (Azalaren begiak), eta baita beste hainbat eta hainbat publikaziotan. «Nire gorputza benetan nire munduaren zilborra da, baina ez perspektiba zentral baten ikuspuntuaren zentzuan, baizik eta ‘locus’ (erreferentzia toki) bezala, oroimen, irudimen eta integrazio bezala».

Oso iradokitzaileak iruditzen zaizkit zitan azaltzen diren lau kontzeptuak: tokia, oroimena, irudimena eta integrazioa. Horrez gain, baita arkitekturaz aritzeko egiten duen begiradaren aldaketa ere, arkitektura ez baita bakarrik ikusi edo ulertu behar, sentitu baizik.

Tokia eta oroimena oso erlazionatuta dauden kontzeptuak dira. Leku zehaztugabe bat toki bihurtzen duena ematen diogun zentzua da, bertan oroimenak eratzeko dugun gaitasuna. Euskadin izan dugu horren hausnarketan ibili zen aurreko mendeko arkitekto nabarmendu bat: Peña Ganchegui. Teniseko Plaza (Txillidaren Haizearen Orrazia eskulturari tokia ematen dion plaza) adibide bikaina da. Eta ezingo litzake Teniseko Plaza granitoaren testura gabe, edo haizearen eta olatuen soinu eta usaina gabe guztiz atzeman.

Gainazal baten testura eta koloreak, eskuragarri dagoen argi natural eta artifizialaren kantitateak, gela baten altuerak, tenperatura eta hezetasunak… eta ezaugarri horiek eta beste askok, espazio berean erlazionatzen diren moduaren arabera, esperientzia gorpuztu bat sortzen dute, non pertsona eta eraikina elkarren osagai bihurtzen diren.

Ikusteaz gain ukitu, entzun, usaindu… sentitu egiten dugulako. Eta ikusmenak bitarteko gisa egiten du beste zentzumenekin, Pallasmaak dionez. Material baten testurak hura ukitzeko gogoa piztu dezake; oihal baten tolesdurak ikusteak, adibidez, leuntasuna edo epeltasun sentsazioa sor dezake… ikusten dugunak beste momenturen batean sentitutakoaren oroimenak iragarriz.

Ildo horretan, beste gertuko adibide oso interesgarri bat Behark estudio bizkaitarrak Larrabetzun, udaletxearen ondoan, eraikitako aterpea izan daiteke. Hormigoizko basamentu bat eta zurezko egitura oso bitxi batez konposatu dute espazioa. Zoladura eta basamentu horretan erabiltzen duten hormigoian oso interesgarria da eman dioten tratamendua. Harria izango balitz bezala dago hormigoiaren azala mutxardatuta, eta oso testura aberatsa lortu dute. Ukitzeko gogoa ematen du, ukimenaren zentzua pizten digu. Materialaren aberastasunarekin jokatuz atmosfera atsegin eta erakargarri bat lortzen dute, hormigoia bezalako material apal batekin.

Irudiaren lehentasuna besterik azpimarratzen ez duen arkitektura batek ordea, edo ikusteko baina ez ukitzeko pentsatuta dauden imitaziozko materialek, pertsonen eta ingurunearen arteko kontaktu fisikoari uko egiten diote.

Material ia guztiek izan dezakete balioa, nahiz eta apalak izan, helburua ez bada direna ez beste zerbaiten itxura izatea soilik. Harria, zura, altzairua, zeramika… zergatik baloratzen ditugu “benetako” material batzuk “imitaziozko” beste batzuk baino gehiago? Nolabait, material horiek beren jatorriaren edo egite prozesuaren historia kontatzen digutelako. Harriak sedimentazioaz hitz egiten digu, egurrak hazkundeari buruz… eta orokorrean, guztiek adierazten dute denboraren prozesuarekiko nolabaiteko erlazio bat. Zahartzea, gaur egungo gizartean hain mespretxatuta dugun kontzeptua, oso garrantzitsua da arkitektura konposatzen duten atmosferen sorkuntzan ere.

Bota eta eraberrituz material berriak kontsumitzera bultzatzen gaituen jarrera bat hartu beharrean, era nobleago batean zahartzen diren materialek, patina bat izan dezaketen materialek, zaintza logiketara lagundu gaitzakete.

Eta patinak badu, denborarekin duen lotura horretan, oroimen kolektiboan errotzeko gaitasuna ere. Mansilla Mayorreko Plazan, adibidez, iturria letoizkoa egin genuen. Denborarekin patina bat izango du, jendeak eskua jartzen duen tokiaren marka, eta etengabe isuritako uraren aztarna.

Arkitektura, azken finean, atmosfera iradokitzaileak sortzeko erreminta bat izan daiteke, esperientziak eta sentimenduak irudikatzeko gaitasuna duena, oroimen kolektiboaren sorkuntza artikulatzen kolaboratzen duena.

Gaurko artikuluak ez du irudirik, ideia beste zentzumenen garrantziaz hitz egitea baitzen. Erraz aurkitu ditzakezue aipatutako obren irudiak Interneten, nahi izanez gero. Ziurrenik, batzuk irakurlearen oroimenean egongo dira jada. Eta ez badaude, atmosfera hauek bisitatzera gonbidatzen zaituztet: Teniseko Plazan haizea eta olatuak entzun eta ur gaziaren usaina sentitzera; Larrabetzuko aterpearen babesa sentitzera, bankuaren hormigoi mutxardatuaren testurarekin kontaktuan gaudelarik, edo Mansilla Mayorreko Plazako iturritik edatera.