7K - zazpika astekaria

Entrenatzaile pertsonalaren nazioarteko eguna


Ba al dakizu zer den entrenatzaile pertsonal bat? Profesional hauek egiten duten lana eta gizartean duten garrantzia azalduko dugu hemen. Mota honetako entrenatzaileen lanak azken urteetan indarra hartu du, gaur eguneko “fitness” munduan izugarrizko garrantzia izanik. Amaitu da 2022. urtea eta pertsona askok epe hau inflexio puntu bezala hartzen dute. Izan ere, urte berriari hasiera egoki bat eman nahi diote, ohitura osasuntsuak eta jarduera fisikoa egunerokotasunean uztartzeko. Askotan, ordea, ez dakigu zein bide hartu. Ez dakigu nork lagun diezagukeen arlo honetan. Horregatik, entrenatzaile pertsonalak duen lana azalduko dugu gaur.

Entrenatzaile pertsonala osasun arloko profesionala da, bezeroaren osasun egoera, beharrak eta gaitasunak kontuan izanik, jarduera fisikoko programa pertsonalizatu bat sortzeko lagun egokia dena. Hala ere, funtzio gehiago ere badituzte. Izan ere, jarduera fisikoa eta kirola egunerokotasunean barneratzeaz gain, pertsona bakoitzarentzat ariketa egokiak finkatzeko arduradunak dira. Horrez gainera, patroi eta mugimendu egokiak irakasten dituzte, betiere entrenamenduak haien gainbegiradaren bitartez zuzentzen direla.

Profesional hauei esker, pautatutako entrenamendu programa bat aurrera eraman dezakegu, progresio eta aldaera egokiak errespetatuz. Hartara, jarduera fisikoari eskainitako denborari ahalik eta etekin handiena aterako diogu, inguruko jendearekin hitz egiten ibili gabe, eta soilik hartu beharreko atsedenak errespetatuz. Bestalde, arlo psikologikoan ere lagunduko digu, kirol eta jarduera fisikoan alderdi garrantzitsua baita. Eguneroko arazoak konpontzeko eta lehiaketa garrantzitsuen aurretik psikologikoki ondo egoten lagunduko digute, enpatia handiz lan egiten dutelako. Kasu batzuetan, garestia dela ere entzun izan da. Eta egia esan, gehiengoarentzat halaxe da. Baina aisian dirua inbertitzen dugun bezala, ez al da aukera paregabea gure osasun pertsonalean dirua inbertitzeko? Oraindik entrenatzaile bat ez baduzu eta osasun ohiturak aldatu nahi badituzu, iritsi da zure unea.