2023 URT. 08 IRITZIA Zigorren neurriak JOKIN URAIN Legegintzan aritzeko hautatuak suertatzen direnak, eta legegintzan aritzen direnak, beraz, ez dakit zenbateraino aritzen diren gizarte hobe bat arautzeko eta lortzeko asmoz, eta zenbateraino inon diren gaizto guztiak zigortu nahian besterik gabe. Gaiztoak zigortu nahi dituenak iruditzen zait baduela bere baitan haien sufrimenduarekin ase beharreko munstro ezkutu bat, eta, horretara, beldur naiz legegintzan ari den horren munstroak agintzen duela azken batean, eta ez gizarte hobeago baten desio edo itxaropen gurenak. Ez dakit legegintzan ari direnek zigorrak eta zigorren neurriak jartzen dituztenean nolako aurpegia irudikatzen dioten balizko gaizkileari. Iruditzen zait, dena den, besteengan ikusten dutela beti gaizkilea, eta haiengan pentsatuz zertzen dituztela zigorren neurriak, delitu bakoitzarentzat espetxe urteak eta gainerako sufrimenduak. Berez, erretorikaren bildukiak kendu eta gordin esanda, gizartearen izenean hartzen den mendekua eta amorrua ase nahia baizik ez da legearen arabera ezartzen den espetxe zigorra. Beti badugu besteren baten sufrimenduarekin sendatu beharreko minen bat eta, agintean zenbat eta gorago, hainbat handiagoa dela ematen du norbaiten sufrikarioarekin ase nahia. Bitxia izaten da gero, hutsegite edo delituren batengatik atzeman eta zigortzen dituztenean, agintetik legegintzan aritu diren horien erreakzioa ikustea. Jose Antonio Griñan politikari espainiarra, kargu politiko eta instituzionalak izana Madrilen PSOEren gobernuan, eta Andaluziako Gobernu Autonomikoan. Andaluziako Juntako presidente zenean diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2019an, eta 2022an zigorra berretsi zion espainiar Auzitegi Gorenak. Espetxeratzeko agindua eman ziotenean, gaixorik zela eta espetxera ez sartzeko eskaera egin zion Sevillako Probintzia Auzitegiari. Ez dut uste espetxea ona denik inorentzat eta ez dut uste pertsona batzuk preso egoteak mesederik egiten dionik inori. Espetxeak ez du ezer konpontzen, eta ez dut uste Griñan jaun hori kartzelatzeak ezer konpondu lezakeenik. Ez diot giltzaperik desio, are gutxiago bere gaixotasunaren kontua egia bada. Baina gaixotasuna espetxera ez sartzeko nahiko arrazoitzat baldin badu, urteetako kartzelaldiaren ondorioz gaixorik daudenak kalean behar luketela ulertzeko adina entendimentu emango al die 2023ak Griñani eta bere kastakoei. Gaiztoak zigortu nahi dituenak iruditzen zait baduela bere baitan haien sufrimenduarekin ase beharreko munstro ezkutu bat, eta, horretara, beldur naiz legegintzan ari den horren munstroak agintzen duela azken batean, eta ez gizarte hobeago baten desio edo itxaropen gurenak.