2023 URT. 22 IRITZIA Adimen artifiziala AMAIA URIBE Adimen artifizialarekin beldurtuta nago. Edo kezkatuta. Edo biak. Aurrerapena dela saltzen digute, baina hala ote da? Egunotan irakurri dut Microsoftek ahots bat hiru segundoz entzun eta ahots hori imitatu dezakeen aplikazioa sortu duela. Datorren hilabetean, berriz, lehenengoz epaitegi batean makina batek defendatuko du trafiko arauak hausteagatik epaituko duten gidaria. Eta ezin ahaztu ChatGPT aplikazioa. Adimen artifiziala erabiltzen duen txat honek zoramena eragin du mundu osoan. “Kaixo” esan eta “kaixo” erantzuten du. Gernikako bonbardaketari buruzko informazioa eskatu eta 113 hitzeko testua idazten du. Eguzkiari buruzko olerki bat egiteko eskatu, eta horixe ere egin du. Horren trebea da, ezen New Yorkeko eskoletan neurriak hartu baitituzte. Irakasle batek filosofo bati buruzko idazlana egiteko agindu zien ikasleei eta euretako bat aplikazio hau erabiltzen harrapatu zuen. Harrituta geratu zen chatbot horrek egindako idazlanaren kalitatearekin. Ikasleek iruzurrik egin ez dezaten, New Yorkeko eskola guztietan debekatu egin dute aplikazioa. Gogoan dut ikastolako lanak egiteko informazioa Lur Hiztegi Entziklopedikoan bilatzen genuen garaia. Alfabetoari jarraituz liburuki bat hartu, atzamarrarekin orriak pasatu eta behar genuen informazioa koadernoan idazten genuen. Gaur egungoa baino prozesu konplexuagoa zen, baina informazioa gehiago barneratzen genuen. Atera kontuak. Duela 23 urte, Norvegiari buruzko lan bat egitea tokatu zitzaidan eta oraindik ez zait ahaztu 1.700 fiordo inguru daudela Norvegian eta 1905. urtera arte Norvegiak eta Suediak herrialde bakarra osatzen zutela. Hori bai, ez galdetu atzo Googlen zer bilatu nuen, informazio hori bilatu ahala ahazten baitut. Nik, behintzat, argi daukat. Ez zait ondo iruditzen nik egin behar dudan idazlana makina batek egin dezan. Hezur-haragizko abokatu batek adimen artifizialak baino konfiantza gehiago eragiten dit. Eta ez dut nahi inork nire ahotsa imitatzeko gaitasuna izaterik. Garaiak aldatzen ari dira eta teknologia berrien alde nago, baina dena neurrian. Izan ere, makinak gizatiartzearekin batera gizakiak mekanizatzeko arriskua dago. Gogoan dut ikastolako lanak egiteko informazioa Lur Hiztegi Entziklopedikoan bilatzen genuen garaia. Alfabetoari jarraituz liburuki bat hartu, atzamarrarekin orriak pasatu eta behar genuen informazioa koadernoan idazten genuen. Egungoa baino prozesu konplexuagoa zen, baina informazioa gehiago barneratzen genuen