7K - zazpika astekaria

Ariketa fisikoa eta depresioa


Dagoeneko jakina da ariketa fisikoa onuragarria dela arlo fisiko, sozial eta psikologikorako. Hortaz, depresioa eta halako nahasmendu psikologikoak zabaltzen doazen heinean, jarduera fisikoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du pertsonaren ongizatea hobetzeko. Hobekuntza nabarmen hori, iraunkorra baino, unekoa izan ohi da, jendearen gehiengoa ariketa fisikoa egin osteko momentuan sentitzen baita erosoen, zoriontasunaren hormonak askatzean. Prozesu hau B-endorfinak askatzearen ondorioetako bat da, hormona honek autoestimuaren, kontrol sentsazioaren, autokonfiantzaren eta funtzionamendu mentalaren garapenean baitu eragina.

2020ko urtarrilean adineko pertsonen inguruan eginiko ikerketa baten arabera, sedentarismoak depresio egoera errazten du eta urteen poderioz areagotu egiten da. Bestetik, ariketa fisikoak osasun fisiko zein psikologikoarekin, autonomia graduarekin, harreman sozialekin eta balio pertsonalekin lotura estua duela egiaztatu da, pertsonaren ongizatean eragin zuzena duela. Hala, indar eta erresistentziako ariketa fisikoko programa erregularrek depresio egoeretan errefortzu positiboa dutela esan daiteke, sozializatzeko unean, pertzepzioetan eta depresio sintometan hobekuntza nabariak erakutsi baitituzte.

Gure ohiko bizitzan tentsio egoerak jasaten ditugunean, zeregin guztiak betetzeko denborarik ez dugunean, zerbait bide onetik ez doanean… pairatzen dugun estresa areagotu egiten da. Jarduera fisikoak, norepirefrina (noradrenalina) askatzen du, eta, gure burmuinera iristen den estres maila erregulatzen laguntzen du. Hona hemen, laburbilduz, ariketa fisikoak depresio egoeretan izan ditzakeen zenbait onura: Autoestimua eta balio pertsonalak indartzen ditu; kontrol sentsazioa eta erlaxazioa handitzen du; autokonfiantza eta funtzionamendu mentala hobetzen du, bai eta autonomia eta gogo-aldartea ere; erlazio sozialak hobetzea ere badakar, jarrera antisozialak ekidinez, eta memoriak ere hobera egiten du.