7K - zazpika astekaria
IRITZIA

(Ez) Sentitzeaz


S. apurgarria,

“Zer moduz?” galdetuko nizuke erantzunak axola balit, baina ez duzula ezer sentitzen azaldu zenidanetik, nekez narama kortesiak zintzotasunera.

Antzerkitik etxerakoan izan zen. Taularatzea laudatu zenidan, estetikaren indarra famatu, gidoiaren harribitxiekin elkarrizketari argi egin zenion, aktoreen trebeziarekiko inbidia erakutsi... Baina, azkenaldi luzean gertatzen zitzaizun legez, ez omen zenuen deus berezirik sentitu. Biharamunerako bazkaria prest utzi beharrak Mia Hansen-Love-ren filmik onena beruntzen duela oroitarazi nizun, ez dagoela Brenda Navarroren liburuak Whatsappeko elkarrizketa baten erdian irakurtzerik eta, batez ere, sentitzeko oskolari zartatzen utzi behar zaiola, bihotza eskuan hartu. Zuk, ordea, bihotza ez, Liv Stromquist-en “No siento nada” zeneukan eskuan: norbere buruaz sekula baino gehiago arduratzeak “bestearen” desagerpena dakarrela, harreman sentimentalak ere arrazionalki kontsumitzen ditugula, askatasunaz mozorroturiko etengabeko autoesplotazioan bizi garela... Behin, honezkero izan zarenaren bertsio okerrago bat baizik ez zarela izango isildu nuen nire baitan eta, zuri buruz ari denak ez ote zaituen astintzen galdetzekotan nintzela, sentiberatasuna infoxikazioak ostu zizula aipatu zenidan. Beti agertzen zara ziurrago inoren hitzekin, beti modernoago garaiko gaitzak jota, baina, funtsean, zerk larritzen zaitu gehiago, inon ezinbestekoa ala nonahi ordezkagarria izateak?

Ez dakit errituak ezinbestekoak ala ordezkagarriak diren zuretzat, baina ihauteriek zuregana eraman naute. Jende saldoa zegoen bide-bazterretan, egitaraua eskuetan, turistak monumentuari nola, jaiari so. Argazkiak Instagramera igoko zituzten gero, bideoak partekatu, “like”-ak eman eta plazera jaso. Bakoitzak berresten du bere burua ahal duen gisan, bakoitzak kontsumitzen du nahi duena baina, bide bazterreko bat zu izan zitezkeen arren, busti gabe igeri egin nahi dutenekin fidatzen lanak ditut oraindik. Horregatik damutzen naiz, hastapenean, “zer moduz?” zintzoki galdetu ez izanaz. Zinismoa inteligentziarekin nahasten dugu maiz. Kortesiarik gabeko “Zer moduz?” batekin ekin banio, alta, zurea ez dela ez bustitzeko beldurra erantzungo zenidan, berriz igeri ikasi behar duzula, baina ez dakizula nondik hasi. Ura sentitzea, berriz sentitzen hasteko modua dela jabetuko ginen, orduan.