2023 MAR. 05 IRITZIA Umorea balitz JOKIN URAIN Aditu asko, jakitun gitxi...» ari da Gatibu, bizikleta ez baina autoa hartuta noala. «Munduan ibili eta herrian bizi eta gaba eta izarrak ikusi». Nahikoa behar luke zoriontsu sentitzeko, beste luxurik gabe. Tentazioa ematen dit abestiaren letrari jarraituz noranahi joateko, lantokira ordez Bianditz gainera adibidez, egunsentiaren aurretik gaua eta izarrak ikustera. Goizeko zorion une bat antidoto ona izan daiteke eguneko orduek ekar dezaketenari erretxindu gabe begiratzeko. Tira, adinean aurrera egin ahala gauza batzuk ikasten ere joan gaitezke, ez adimena eta ikasteko gaitasuna zahartzarora bidean loratzen zaizkigulako bereziki, bizitako urteak ugaltzen doazelako baizik, eta denboraren buruan hobeto ohartzen garelako ez dakizkigun eta ikasi beharrekoak genituzkeen gauzen zerrendaren luzeaz. Denborak, bere joate nekagaitzean, txitean-pitean beti ekartzen dizu ustekabe berriren bat, balizkoen zerrendan ez zeneukan aleren bat. Joan den otsailean goren gradura igo zen –beste behin– ETBko umore saioek eragiten duten haserrea. Umorea esanda, zentzuaren aurkako absurdoa dirudi inoren haserrea sor dezakeela pentsatzeak, haserrearen aurkako antidotoa izan behar lukeelako berez umoreak. Izan ere, errazkeriagatik batzuetan, ezjakintasunagatik besteetan, edo espresuki norbaiti min egiteko baliatu nahi delako, sarritan erabiltzen den aiztoa da. Badira hamaika adiera umore moduak definitzeko: umore beltza, umore zuria, umore inteligentea, umore absurdoa, ergelaren umorea... Perretxikoak adina umore mota, egilearen ahalmenera egokitzeko ere. Seguru asko horregatik esan edo egin daiteke zernahi gauza umorearen izenean, batzuek ezin dutelako asmatu «inor jodidu barik ibiltzen munduan». Valeria Rosek aurkeztutako “Akelarre” saioa da oraingoan. Eta zein ondo pasatzen duten, gainera! Ze ondo! Zer axola dio zein joditzen dugun! Umorez hartu ordez haserretzen bada norbait, umorea ulertzeko gai ez delako izango da! ETBren gaztelerazko katean euskararen eta euskaldunen kontura barre egiteko saio bat ematean bete-betean asmatu dutela pentsatuko dute telebista horretako kargudunek. «Aditu asko, jakitun gitxi...», jarraitzen du Gatibuk. «Gitxi gara eta ostike beti»... Ez dakit zeren beharra dagoen halako gauzak egiteko hemengo telebista publikoan, zer den zinez egin edo lortu nahi dena. Baina zinez umorea balitz, denok egingo genuke barre, eta batzuek bakarrik egiten dute. Umorea esanda, zentzuaren aurkako absurdoa dirudi inoren haserrea sor dezakeela pentsatzea, haserrearen aurkako antidotoa izan behar lukeelako berez umoreak. Izan ere, errazkeriagatik batzuetan, ezjakintasunagatik besteetan, edo espresuki norbaiti min egiteko baliatu nahi delako, sarritan erabiltzen den aiztoa da.