2023 MAR. 19 IRITZIA Idi-begitik JOKIN URAIN Leihoren bat, behatxulo bat, beharrezkoa da batzuetan zeure zirrarei erreparatzeko. Denok baitugu halakoren bat, ibiliaren ibiliaz edo egonaren egonaz sortu zaiguna, gaixotasun moduan kasik. Mundua kartzelaz josita dagoela bururatu zaizu lo zaudela, eta burutazioak loa eten dizu. Kartzelak jendez betetzeko egiten dituztela etorri zait jarraian eta, zehatzegi ez bada ere, munduko kartzelen okupazio-tasari begiratzeko tentazioa isiotu zait. Kiribatin 120 preso zeuden duela bost urteko datuetan, 100.000 biztanleko 114,6 preso alegia. Ozeano Bareko artxipelagoa da Kiribati, Australiatik ipar-ekialdera. Hiru urte geroagoko datuetan 225 preso zeuden Komore uharteetan; 100.000 biztanleko 26,4 zeuden kartzelan. Indiako ozeanoan daude Komore uharteak. Ozeano Bareko Nauru uhartean, berriz, 14 pertsona zeuden kartzelan 2014an, 100.000 biztanleko 136,1. Iparraldera Mikronesiako Estatu Federatuekin egiten du muga Nauruk; ekialdera Kiribatirekin, hegoaldera Salomon Uharteekin, eta mendebaldera Papua Ginea Berriarekin. Aipatutako herri guztietan gora egin du presoen kopuruak mende honen hasieratik. 100.000 biztanleko zenbat preso dauden begira jarrita, alde handiak topa daitezke herrialde batzuetatik besteetara: Antigua eta Barbudan 487,1 preso zeuden 2020an; Karibeko estatu burujabea da Antigua eta Barbuda. Barbadosen 319,8 dauzkate kartzelan. Brasilen, 381,9 preso. Belizen, 478,3; Kongoko Errepublika Demokratikoan, 27; Namibian, 313,8; Nigerian, 30,3; Palaun, 522,2; Senegalen, 78,8; Saint Vincent eta Grenadinetan, 638,1; Venezuelan, 132… Bahametan 100.000 biztanleko 887,1 preso zeuden 2004an; 2020an, berriz, 369ra jaitsi zen kopuru hori. Afrika Erdiko Errepublikan 100.000 biztanleko 17 preso zeuden 2015ean; urte horretan 100.000 biztanleko 254,3 preso Dominikan, eta 2018an, 686,9. Ameriketako Estatu Batuetako kopuruak, berriz, 506,2 preso ematen ditu 2020an; aurreko urteetakoa baino dezente txikiagoa. Errusian 330,9ko kopurua zen 2020an; aurreko urteetan dezente gehiago ziren han ere. El Salvadorren 100.000 biztanleko 617,4 preso zeuden 2018an, eta iaz, 2022an, 1.300 ziren, iturri batzuen arabera. 40.000 presorentzat espetxea egin dute oraintsu El Salvadorren, eta propaganda handiz inauguratu gainera. Ikara eragiten du irudiak ikusteak, eta pentsatzekoa da horretarako erakusten dituztela, hain zuzen. Mundu ikaragarria izan daiteke hau idi-begitik begira jartzeko ere. 40.000 presorentzat espetxea egin dute oraintsu El Salvadorren, eta propaganda handiz inauguratu gainera. Ikara eragiten du irudiak ikusteak, eta pentsatzekoa da horretarako erakusten dituztela, hain zuzen.