2023 API. 02 Hiru belaunaldiren Alaska Alaska Hotela, errepide bazterreko memoria gordailu Haurtzaroko toki bat berreskuratu du Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) bere poema liburu berriari izena emateko. Alaska Hotela, Etzegarateko portuan, N1 errepidearen ertzean dago. Salinas-Martinez de Ordaña sendiak turismoaren urrezko garaian eraikia. Itxita, hesituta eta ahaztuta dago orain. Suarez galerez, doluaz eta memoriaz mintzo da liburuan. Hotelak ere asko du horretatik. Castillo Suarez, Alaska Hotelaren aurrean. Duela bi urte idatzitako poemak bildu ditu idazle altsasuarrak “Alaska” liburuan (Elkar, 2023). Narrazio labur batekin eman die sarrera olerkiei.Argazkia: Jaizki Fontaneda | FOKU (Zazpika) Garazi Castaño Hitzordu batek hasiera ematen dio jarraian datozen lerroei. Azken bi egunetan elurra egin du gogotik. Etzegarateko portura abiatu naiz, han topatuko dudanaz gehiegi jakin gabe. Ez dakit zenbat bider igo eta jaitsiko nituen A1 errepideko maldak nire autoarekin. Bertatik ikus daitekeen errepide zaharretik, ordea, ez naiz sekula igaro. Zegamarako 405. irteeran irten naiz, Altsasuko noranzkoan. Gaitz erdi, N1 zaharrean ere gatza bota dute. Bina bidegurutze hartu eta iritsi naiz. Altsasuko lurretan, Gipuzkoarekin muga egiten du Alaska Hotelak. Utzita dago, aspalditik, dirudienez. Obra eremuak ixteko erabiltzen diren hesi arin horietako batzuk inguratzen dute eraikinaren perimetroa. Panel bat bestearen ondoan, porlanezko harri zulodunetan helduta. Ez du sarbide zaila, eta ez dirudi inori asko axola zaionik. Zein izkinatatik sartu daitekeen deskubritu dudanean iritsi da Castillo Suarez idazle altsasuarra. Haren gurasoen etxea handik hurbil dago, N1 errepide zaharraren inguruan. Garaian, hotel eta jatetxe bat baino gehiago zeuden bide hartan. Alaska zen, zalantzarik gabe, ikusgarriena. Garaiko dotoreziaren arrastoak dira elkarrekin ikusi ditugunak. Estilo nordikoz eraikitako pareta zuridun eta arbelezko teilatudun eraikinak itxura dekadentea du orain. Distira duen bakarra segurtasun enpresaren logoa daukan plaka da. Elurrak estaltzen dituen arren, sastrakak hazi dira etxearen inguruan. Zurituta dagoen porlanezko aparkalekua zeharkatu eta jatetxearen sarrerara joan gara. Belarra, goroldioa eta pare bat irristadatxo. Leiho zabal bat dugu parez pare; kanpoko erlaitzera igo gara eta bertatik ikusi dugu jantokia. Sala handi bat, mahai askorekin. Zamauak, platerak, edalontziak... Otorduak emateko prest, Apokalipsia iritsi eta dena bertan utzi izan balute bezala dago gela. Denborak, baina, egin du bere lana: hezetasunak sabaia jauzarazi du eta pladur zatiak ikusten dira lurrean eta mahaietan sakabanatuta. Dolores eta Pedro lau alaba zaharrenekin. Argazkia: Salinas-Martinez de Ordaña familia Eraikinaren atzeko aldera iristen saiatu gara. Eskailera batzuk daude, baina sasiek eta zuhaitzek ez dute pasabiderik uzten. Eskaileren alboan dagoen farol antzekoari erreparatu diogu. Publizitatea du puntan, atzerriko garagardoen markak dira. Agian noizbait argirik izango zuen panelak. Dekadentzian murgilduta dagoen eraikinak eman dio izena Suarezen poema liburu berriari. Galeren inguruan mintzo da bere lan berria, doluaz. Maddi Barber zinemagileari entzundako galdera bat izan zen pizgarria: posible al da leku baten dolua egitea? Lakabekoa da Barber, Itoizko urtegiak paisaia asko desagerrarazi zituen inguru hartan. Ideia horretatik tiraka, haurtzaroko leku bat berreskuratu du Castillok: Alaska Hotela. Narrazio batek sarrera egiten die olerkiei. Haustura baten ondorioz, norbaitek bere bizitza puskak (objektuak) kaxetan biltzen dihardu. Bi erabaki hartu beharko ditu: zer egin lagunekin, eta zer objektuekin. Lagunak bikote-ohiarentzat uztea eta objektuak harentzat hartzea erabakiko du. Horiek jasotzen dabilela oroituko da Alaska Hoteleko zerbitzari ilegorriarekin, “Orlando” liburua eskutan duela. “Orlando” nobela Virginia Woolfek bere amoranteari etxea galtzean idatzitakoa da. Lekuen galerak badu lotura memoriarekin. Jendea galtzen dugu, bai eta tokiak ere. Gogoratu egiten ditugu, baina nola? Ekintza horren inguruan ere hausnartzen du Suarezek “Alaska” poema liburuan. Jon Gerediagari hartu dio maileguan iraun behar duen horren alde egotearen aldeko aldarria. Baina horretarako, memoria ezinbestekoa dugula uste du: «Bizirauteko, irauteko, jarraitzeko... memoria behar dugu. Baina dena gertatu zen bezala gogoratuko bagenu, ezinezkoa litzateke bizitzea. Kontzienteki edo inkontzienteki gure buruak hautu bat egiten du bizi izandakoaz. Batzuetan oroitzapenak moldatzen ditugu», adierazi du Suarezek. Idazlearen ustez, denok dugu toki bat iraganera eramaten gaituena: «Helduleku hori, kasu honetan toki bat, beharrezkoa dugu bizitzen jarraitzeko. Izan ere, denok dugu Alaska bat geure baitan». Dekadentzian murgildutako memoria gordailua da Alaska Hotela, familia baten hiru belaunaldiren baitan bizirik dena. Etzegarateko Alaska hoteleko jangelako egungo egoera. Mahaiek zerbitzurako prest jarraitzen dute, denbora izoztu egin balitz bezala. Argazkia sarrera nagusi ondoko leihotik hartua dago. Argazkia: Jaizki Fontaneda | FOKU Galarretako Salinas. Hotelaren jatorriaren itzala luzea da. Uste baino luzeagoa. Ameriketako ipar-mendebaldeko lurmuturrarekin du lotura, noski. Baina ernamuina uste baino gertuago dago: Galarretan. Arabako ipar-ekialdeko landa herri bat da Galarreta, Donemiliaga udalerrikoa. Aizkorriko mendilerrotik hurre dago, Gipuzkoarekin mugan, iparralderantz. Ekialdean Zalduondo, mendebaldean Gordoa eta Arriola, eta hegoaldean Erdoña. Bertan jaio zen Pedro Salinas. Hark zabaldu zuen bere emazte eta sei alabekin batera Etzegaratekoaren aurrekari izango zen Altsasuko Alaska ostatua. 1954an izango zen hori; urte hartara arte, ordea, abentura, tragedia eta bizipen tona bat pilatu zituen Pedrok bere baitan. Salinasek memoriak idatzi zituen 1955ean, 68 urte zituela, Lomendi baserrian, Aspurun. Ariketa bera egin zuen bere sei alabetako batek, Beatriz Salinas Martinez de Ordañak, 85 urterekin, 2012an. Bi kontakizun horiei esker posible izan da, hein handi batean, erreportaje hau. 1887ko urriaren 22an jaio zen Pedro Salinas. Jacinto Salinas Lopez de Guereñu zuen aita, Galarretakoa baita ere. Ama, Albenizkoa (Araba): Leuteria Arregui. Bikoteak bi seme izan zituen: Pedro, lehenik, eta Baldemoro, lau urte gazteagoa. Pedrok bost urte zituenean hil zitzaien ama. Aita berriz ezkondu zen, eta laster jaio zen Balbina, etxeko txikia. Zerbitzu militarra betetzeko garaia iritsi zitzaion Pedrori. Garai hartan 1.500 pezeta ordainduz gero, zerbitzu militarrari iskin egiteko aukera zegoen. Ataka baliatu eta proposamen bat egin zien gurasoei: kanpora joango zen lanera, eta 1.500 pezetak aurreztu eta ordainduko zituen. Soldaduskan edo atzerrian, sendiak semea falta izango zuen berdin-berdin. Alboan, Etzegarateko Alaska hotela, 60-70eko hamarkadan. Argazkia: Salinas-Martinez de Ordaña familia Ameriketara. Hasieran Argentina izan zuen helmuga; baina inguruko beste gazte batek, Teodoro Ochoak, Alfredo Ajuriarekin batera –Araiako industria-familia garrantzitsu bateko semea–, Kanadara joateko asmoa zuela jakin eta haiekin batzea erabaki zuen. Hamarkada bat baino gehiago pasatu zuen atzerrian; hamaika hiri, lanbide eta kide ezagutu zituen Pedrok. Baldemoro anaia ere joan zen Kanadara, harekin lanera. Hurrengo urteetan Columbia Britainiarrean eta Alaskako Golkoaren inguruan lanean aritu ziren Salinas anaiak. Lehen Mundu Gerra hasitakoan, 1914an, Alice Armeko meatze bat erosi zuten enkantean anaiek, Alejandro izeneko kide batekin batera. Esperanza izena jarri zioten. 1919ko otsailaren 5ean Agurainera eta Galarretara itzuli zen Pedro. Orduan ezagutu zuen Dolores, bere emaztea izango zena. Balbina arrebaren laguna zen, bera baino 14 urte gazteagoa. Urrian Baldemororen mezu bat jaso zuen, albiste ezin hobea: zilarra topatu zuten meazuloetako batean; aurrekoetan baino material gehiago eta hobea. Handik hilabete batzuetara ezbeharra iritsi zen. Depresioak jota, egun batean anaia itsasoan murgildu eta bertan galdu zen. Alice Armera itzuli zen Pedro, eta urte batzuen ostean Esperanza saltzea lortu zuen. 1921eko udan Galarretara itzuli zen, bertan bolada bat igaro eta Alaskara bueltatzeko asmotan. Ez zen hala gertatu. Fusilei ihesi. Pedro Salinas eta Dolores Martinez de Ordoñana 1923an ezkondu ziren. Doloresen gurasoen etxean, Galarretan, bizi zen bikotea. Sei alaba izan zituzten guztira: Sara, Raquel eta Beatriz bikiak, Carmen, Laura eta Cristina. 1932an jaio zen haien azken neskatila. Urte berean Pedro udaletxeko zinegotzi hautatu zuten udal hauteskundeetan. Handik gutxira Izquierda Republicana alderdiko Arabako diputatu izendatua izan zen. Lagun asko egin zituen Pedrok Gasteizen; besteak beste, Pedro Llamas Arabako gobernadore zibila. Lasaitasunaren eta oparotasunaren garaiak laster amaitu ziren Salinas-Martinez de Ordaña sendiaren etxean. 1936ko abuztuaren 9a, Espainiako Gerra Zibila piztu berri. Zalduondo eta Galarretako apaiza, Daniel Arrate, Zegaman bizi zen. Arabako bi herrietara mezua ematera joan behar zuela-eta, Zegamako hainbat falangistaren laguntza eskatu zuen, babesturik joateko. Nafarroako beste falangista batzuek ere Galarretako herria hartu zuten. Goiz osoan hamaika gazte atxilotu zituzten, nahiz eta geroago aske utzi. Ez zuten zorte bera izan Bernardino Domingo, Miguel Gil eta Mauricio Rodriguez eskualdeko maisuek. Ezta Pedro Salinasek ere. Pedroren bila bi falangista agertu zitzaizkien etxean. Pedro etxean ez zegoela esan zien Doloresek, baina alabetako bati aita baratzean zebilela ihes egin zion. Gau hartan Gasteizera eraman zituzten hiru irakasleak eta Pedro, Falangeko kuartelean atxilotuta eduki zituzten. Pedrok bere lagun Llamasekin, gobernadore zibilarekin, hitz egiteko eskaera egin zuen. Ez zen modurik izan, noski. Laurak automobiletan sartu zituzten berriz ere, Iruñera bidean, ustez. Olatzagutian Urbasarako errepidea hartu zuten eta Otsaportilloko amildegitik hurbil gelditu ziren autoak. Zenbaezina da, egun oraindik ere, zenbat gorputz amildu zituzten handik behera falangistek. Prest zituzten fusilak. Orduan, Pedrok, soldaduetako batengana gerturatu eta eskuburdinarik ez zuela baliatuz, bultza egin zion. Ihes egitea lortu zuen. Tiro egin zioten urrunetik, eta haren gorputza topatu ez zutenez, hiltzat jo zuten. Hala eman zuten partea Iruñean. Zenbait senideren eta herritarren laguntzaz Gasteizera iritsi zen Pedro. Llamas gobernadorearen etxean ezkutatu zen. Hark negoziatu zuen falangistekin eta erreketeekin Salinasen askatasunaren prezioa. 1936ko irailaren 6an iritsi ziren Pedro eta Dolores Bordeleko San Martin hotelera, haien ezkonbidaiako ostatura. Pedro laborantzan aritu zen lanean, Dolores sukaldean. Bertan eskuratu zuen gerora hain baliagarria izan zitzaion sukalderako dohaina. Foie, patea, konfita eta marmelada egiten ikasi zuen han. Galarretan, bestalde, aitona-amonen zaintzapean geratu ziren 4 eta 10 urte arteko sei alabak. Gerra amaitutakoan itzuli zen bikotea Galarretara. Laura eta Cristina ahizpak, zenbait bezero eta langilerekin batera, Timothy Dalton aktorearekin xanpaina edaten. Argazkia: Salinas-Martinez de Ordaña familia Ongi etorri, Alaska. Beatriz Salinas Altsasuko Martin de la Vegarekin ezkondu zen, 1949ko otsailaren 26an. Beatrizek 22 urte zituen, Martinek 23. Lau seme izan zituzten lehenik: Pedro, Luis, Roberto eta Martintxo. Urte batzuetara iritsi ziren Beatriz eta Blanca. Pedro Salinas larunbatero bisitan joaten zen Altsasura eta konfiantzazko harremana eraiki zuen Martin suhiarekin. 1950eko hamarkadan Espainiako turismoaren urrezko garaiaren lehen printzak sumatzen hasi ziren. Bigarren Mundu Gerra amaituta, Europan berregituratze eta susperraldi ekonomikoa biziko da. Kapitalismoaren urrezko aroa edota hogeita hamar loriatsuak izenez ezaguna da 1945-1975 arteko garaia. Espainian, Frankismoak turismoaren aldeko apustua egingo du gerraostekoa gainditu, Europara begira jarri eta ekonomia espainiarraren egonkortzea eta liberalizazioa bultzatzeko. 1959koa da, esaterako, Ekonomiaren Egonkortasunerako Plan Nazionala deiturikoa. Eta Manuel Fraga Informazio eta Turismo saileko ministroa zela sustatu zen espainiar Estatuan “sol y playa” turismo eredua, 60ko hamarkadan. Garai hartakoa da “Spain is different!” leloa. Espainia eta Europa arteko korridore nagusian kokatua zegoen Altsasu. Errepide nagusiak herria erdi-erditik zeharkatzen zuen garai hartan. N1ak Irun, Altsasu eta Gasteiz txirikordatu eta Madrilekin konektatzen zituen; Irundik Lapurdira eta, ostean, Frantzia eta Europarako sarbidea emanez. Gero eta turista gehiagok egiten zuten geldialdia Altsasun. Eta Martinek, herrian bestelako negozioen arrakasta ikusita, Pedrori aukera baliatzeko proposamena egin zion. Altsasuko Alaska ostatuko eta tabernako kanpoko aldea. Argazkia: Salinas-Martinez de Ordaña familia 1953an erosi zuen Pedrok, familiarekin batera, Altsasuko erdigunean, karretera nagusian bertan zegoen etxe handi bat. Beatrizek bere memorietan dio aitaren ezaguna zen Ajuria izeneko bati –jada zaharra, baina diruduna– eskatu ziola laguntza. Ajuria errentetatik bizi zen Donostian. Apraiz abizeneko arkitekto gasteiztar batek egin zituen ostatuaren planoak. Bitartean, atzerrian lanean zeuden ahizpak Euskal Herrira itzuli ziren: Carmen Bordeletik (San Martin hotelean izan zen hura ere), Laura Londrestik, Raquel eta Cristina Paristik eta Sara Alemaniatik. Alaska ostatuak 1954ko apirilean ireki zituen ateak. Ipar Euskal Herriko arkitektura estiloa imitatuz egin zuten erreforma: pareta zuriak eta leiho gorriak zituen. Terraza handi bat zuen goiko pisuan, lorez beteta zegoena. Jatetxea eta ostatua zen aldi berean. Jantoki handi bat zuen, tximiniaduna, sukaldea tamainakoa baita ere. Kozinatzeko eginkizunetan Dolores ama eta Cristina eta Beatriz ahizpak aritzen ziren, tarteka zenbait laguntzailerekin. Doloresek eta Cristinak Frantziako sukaldaritzatik ikasitakoa praktikan jarri zuten Altsasun; zaindutako elikagaiekin kalitatezko zerbitzua ematen zuen Alaskak: haragia Altsasu eta Urdiaindik ekartzen zuten, arraina Donostiatik, ehizakiak Lizarratik... Hasieratik bezeroz beteta egon zen Alaska. Turistak eta enpresariak, baina baita nobleziako pertsonaiak ere. Saboyako Humberto, Carlos Hugo de Borbon eta haren arrebak, Manchesterko Holland artzapezpikua edo Juan Cuarlos I, oraindik printzea zelarik. Aktore askok ere ezagutu zuten Alaska. Badirudi ostatuko lehen solairua erreserbatu eta festak ospatzen zituztela bertan. Francisco Rabal aktore murtziarrak salinastarrenean ostatu hartu zuen. Baita Jaime Ostos eta Antonio Ordoñez toreatzaile ospetsuek ere. Espainiako jet setaren aurpegi askok ezagutu zuten familiaren negozioa. Pedro Salinasek gertu-gertutik ikusi zuen bere Alaska kontinentearen erreplika txikitxoa alaben eskuetan hazten. 1962an hil zen. Laura, Raquel eta Sara ahizpak, haurrekin batera. Argazkia: Salinas-Martinez de Ordaña familia Alaskatik Alaskara. Gutxi behar izan zuen Alaskak txiki gelditzeko. Beatriz Salinasek bere memorietan kontatzen duenez, Laura ahizpak jo zuen begiz Alaska hotela izango zen haren kokalekua. Etzegaraten, herritik 8 kilometrora, Donostiarako noranzkoan lur eremu ia paradisukoa aukeratu zuten. Altsasuko Alaska askotan zapaltzen zuen arkitekto tolosar batek diseinatu zuen hotela. Estilo nordikoa hautatu zuen, izenaren pareko: arbelezko teilatu beltza, angelu zorrotzekoa, eta pareta zuriak. Inguruak ere bat egiten zuen Alaskak irudikatu nahi zuen giro goxo eta etxekoiarekin: bertako eta Ameriketako haritzen baso batek inguratzen zuen eraikina, erreka bat ere bazen inguruan. Animaliak hoteletik gertu; karramarroak ibaian, eta bestelakoak baso barnean. Hotelean bertan ere zenbait hegazti hazten zituzten: indioilarrak, faisaiak, ahateak, oiloak... Etxeko bi txakur baziren, eta sukaldea hornitzeko txerria ere bai. 1963an ireki zituen ateak Etzegarateko Alaska Hotelak. Negozio handia zen. Hogeita hamar gela zituen, ehun pertsona ingururi ostatu emateko adina, sukalde handi bat eta jantoki are handiagoa. Uniforme klasikoz jantzitako zerbitzariak bezeroez arduratzen ziren, eta barnealdea txukun mantentzen zuten. Leiho zabalen bestaldean, kanpoaldean, mahai gehiago, toldoez babestuak. Haurrentzako jolastokia, ongi zaindutako lorategiak eta, gutxi balitz hori guztia, igerileku bat. Laurak eta Cristinak hartu zuten hotelaren zuzendaritza. Carmenek sukaldean lan egiten zuen, beste bi sukaldarirekin eta laguntzaile batekin batera. Udan hogei langileko taldea izaten zuten haien gidaritzapean. 12 eta 14 ordu arteko lanegunak izaten zituzten. Langileek astean behin atseden eguna izaten zuten, familiakoek ez zuten gelditzeko astirik hartzen. Igande arratsalde askotan Altsasuko ostatua itxi eta hotelera igotzen ziren ahizpak, laguntzera. Hotelaren kokalekua bikaina zen: Donostiatik 60 km eta Gasteiztik eta Iruñetik 50 kilometrora. Euskal Herriko txoko guztietako familiak eta bisitariak biltzen ziren Alaskan, baita atzerriko turistak ere. Altsasuko Alaskan bezala, Etzegarateko hotelean ere ospetsu frankok igaro zituzten une gozoak: Alec Guinnessek edo Timothy Daltonek Alaskan ostatu hartu zuten “Patton” eta “Cromwell” filmen grabazioek iraun bitartean. Politikariak, kirolariak, enpresariak... denek Alaska hautatzen zuten. Ospeak eta zerbitzuaren kalitateak hiru Michelin izar lortzea ekarri zuen. Oparotasun garaiak izan ziren Salinas ahizpentzat. Turismoaren garai gorenean Etzegarate eta Gasteiz arteko errepideko ostalaritza eta turismoaren eremua kontrolpean zuten: Raquel eta Beatriz Altsasuko Alaskan, Carmen, Laura eta Cristina Etzegaraten eta Sara Arkautin. Sara Salinas Alejandro Aresorekin ezkondu zen Murgiara. Hiru urtera N1 errepidean, Zurbano inguruan, lurrak erosi zituen bikoteak, Gasteiztik gertu. Hotel Iradier izenekoa ireki zuten han, gela asko eta jatetxe on batekin. Gerora Lakuako Gobernuak erosi zizkien lurrak, Ertzaintzaren akademiaren eremura batzeko. Hotelaren atzeko aldea, N1 errepidetik ikusita, jangelako leihatea bistan duela. Argazkia: Jaizki Fontaneda | FOKU Amaierak. 80ko hamarkadan jarduera ekonomikoaren trantsitua handituz joan zen. Gero eta kamioi gehiagok zeharkatzen zuten Altsasu N1 errepidetik. Garraiolariek arazo handiak izan ohi zituzten handik igarotzeko. Hori dela-eta, urte gutxiren buruan herritik kanpoko desbideraketa bat eraiki zen. Turismoa desagertu egin zen. Beatrizek argi ikusi zuen, ostatuarekin amaitzeko ordua zen. Altsasuko etxeko behealdea bi denda egiteko banatu zen: Raquelek lurrin-denda bat zabaldu zuen, Beatrizek arropa saltzeari ekin zion. Bizitza aldaketa ikaragarria izan zen bikientzat. Urte batzuen ostean, eraikinaren goiko aldea bina etxebizitza bihurtu ziren. Raquel eta Dolores alde batean bizi ziren; Beatriz, Martin eta haurrak, bestean. Altsasuko ostatua itxi eta urte batzuetara iritsi zen Etzegarateko hotelaren salmenta, 1987an. Ziklo baten amaiera. Salinas ahizpen korda, hala ere, ez da eten. Hirugarren belaunaldiak lekukoa hartu du eta Casa Alaska izenpean Altsasuko ostatua berriz martxan da. Koloredun karratuz osatutako mosaiko batek bizitu du kanpoko pareta zuria, baina oraindik ere han da Raquelen lurrindegiaren kartela. Galarretako familiaren etxea ere nekazal turismorako ireki zuten duela bost urte. Alaska Hotelaren jabe berrien inguruko informaziorik ez du lortu 7K-k. A1 errepidearen eraikuntzak guztiz baldintzatu zuen negozioaren egoera. Haurrentzako kulunkariak bota eta kamioi eta autoentzako porlanezko aparkaleku zabal bat eraiki zuten belardiaren gainean. Hiru izarrak bidean galdu ziren; Alaska beste zerbait zen ordurako. 2000ko hamarkada hasieran itxi zituen ateak.