7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Espazio pedagogikoak


Hezkuntza arloko arkitektura beti izaten da eztabaidarako lur emankorra. Bertan formalizatzen dira gizarte baten etorkizunerako desira eta frustrazioak eta, denborarekin, garai bateko gabezia eta bertuteen isla izaten dira. Historikoki hor daude Frantzia iraultzailearen eskola unibertsala, Espainiako Bigarren Errepublikaren eskolen hedatzea edo metodo pedagogiko berriek Bigarren Mundu Gerraren ostean izan zuten bilakaera. Gaur, publikoak genituen hainbat gauzaren pribatizazioaren inguruan eztabaida piztuta dagoenean, hezkuntzak eta honek sortzen dituen arkitekturek ere badute zeresana.

«Deigarria»; hori da, ziur asko, Colegio Reggio eskolari eman geniezaiokeen izenondo egokiena. Andres Jaque arkitektoaren Office For Political Innovation estudioak diseinatutako eskolak orain dela hilabete gutxi ireki zituen ateak eta oihartzun handia izan du hainbat hedabidetan. Gurinez egindako robot baten itxura zuela iritzi zioten lehen aldiz ikasleek, eta, zinez, badu horren antza. Ikuskizun bigun eta surrealistaren itxura hartzen zaio eskola honi lehen begiratuan, adobezko gaztelu tekno-futurista, urpeko ontzien leiho eta hodiekin, bi isurialdeko teilatutxoekin eta forma geometriko anitzen plano beiratuekin. Jolaserako edo jolasean eraikitako arkitektura dirudi. Askok ume batzuek egindako arkitektura dela esango lukete eta laudorio gisa hartzeko komentarioa da kasu honetan.

Urteak daramatzate estudio horretan proiektua garatzen. Reggio Emilia pedagogia sistema darabilte eskolan, ikasleen motibazioan eta esperimentazioan oinarritzen duena eta ikaslea zentroan kokatzen duena. Hori dela-eta, proiektuaren hainbat ezaugarri ikasleekin elkarlanean gauzatu dituzte, orduak irauten zuten bilera luzeetan, bi urte hartu dituen proiektuaren idazketan. Nola edo hala, emaitzak Andres Jaqueren diskurtsoaren gidalerroekin bat egiten du.

Berez eskolaren distribuzio orokorra nahiko konbentzionala da. Lau solairu eta soto bat ditu; sotoa Haur Hezkuntzak hartzen du eta goiko laurak binaka antolatuta daude (Lehen eta Bigarren Hezkuntza) eta bakoitzak bere espazio zentrala du, gelen arteko elkargune gisa. Hego-ekialdea bilatzen dute gelek eta beste orientazioetan kokatuta dauden pieza handiagoekin (laborategiak eta antzekoak) eratzen dute bolumetria trinko bat, lehen aipatutako elkargune edo patio itxurako espazio txikiak bilduz. Ez da tipologikoki gauzatutako berritasuna, baizik espazioen definizioan dagoen zainketa eta dedikazioa dira eskolari kalitatea ematen diotenak. Ez da bereziki garestia ere, zabaldutako prezioa metro koadroko 1.100 eurokoa baita; ohi baino garestiagoa bai, baina ez gehiegi. Eraikuntzako hainbat erabakik jaitsi dute prezioa, antza: hormigoizko egitura nahiko arrunt bat jarri izanak, proiektatutako kortxozko fatxada horiak (isolamendua ere badena) eta biltegi batean oso merke erositako leiho borobilek (kamioientzako leihoak izan behar omen zuten).

Eraikina, objektu gisa, gustuko dugun edo ez, eztabaidatik kanpo utz dezakegula uste dut. Baina zaila egiten zait espazio horiek duten definizio eta zainketa maila nik bizi izan nuen esperientzia pedagogikoan topatzea.

Honek guztiak badu testuinguru soziekonomiko bat ere, alboratu ezin daitekeena. Reggio eskola Madril iparraldeko Encinar de los Reyes-en dago, autobidetik hurbil, Jorge Dioni-ren “La España de las Piscinas” saiakerak deskribatzen duen igerilekudun txalet andanaz inguratuta eta bi golf zelai oso hurbil dituela. Zaila da imajinatzea eskolara oinez hurbilduko den ikaslerik. Ezin da alboratu ere eskolaren izaera pribatua eta dituen prezioak, hilean 550 eta 825 euro bitartekoak. Eskola elite kosmopolita batentzat eraikitako produktua dela pentsatzea ez da iritzi bakana.

Positiboa eta negatiboa. Deigarria dela esan dut lehenago. Hori da ziurrenik proiektu honetatik gehien kezkatzen nauena. Eskola produktua bihurtu da, museoa lehenago produktu bihurtu zen bezala. Eta, aldi berean, ezin dut ekidin burutik pasatzen zaidan ideia: Dibertigarria izango da eskola horretan ikastea! Eta ez  deigarria delako, baizik eta bereziki eskolak azaleratzen duelako xehetasunak zaindu nahia eta horrek islatzen duen puntu ludikoagatik. Arkitekturan eta hura garatzeko prozesuaren pisua pedagogiaren parte nolabait sumatzen delako. Gauza positibo eta negatiboen pilaketa ederra da proiektua, andana bat kontraesan eta inkoherentziarekin eta horiek sortzen dituzten ondorio ederrekin. Hezkuntzaren arkitekturaren inguruan debate bat edukitzeko adibide ona da Reggio eskola. Eskola publikoan ikusi nahiko genukeen eta tamalez sumatzen ez den ekimena.