2023 API. 30 IRITZIA Ezin maite JOKIN URAIN Gauzak ulertu nahi eta ezinak lanak ematen dizkigu batzuetan, ez ulertzeak abere galduaren sentipenarekin uzten zaituelako edozein bidegurutzetan, noraezean alegia, hara jo edo hemendik segitu ez dakizula, erabaki ezinean, eta hori ez da etxeko ataritik aurrera munduan zehar abiatzeko modurik seguruena, seguru ibili nahi baduzu bederen. Gauzak ulertu nahian ekiten diogu batzuetan galdera izorratzaileentzat erantzun bila, eta horrela hasi naiz “polizia” hitzaren etimologian arakatzen, gauza jakinak aurreiritzi soil izan daitezkeela onartuz, izenak izana duenez azalpena beharbada izenaren jatorrian baitago eta ez izanaren purrustadan. Grezierara zaramatza sarri bilatzaileak, eta horrek ez dizu beti argitzen gauza guztien alde ezkutua baina, bide batez sortu zaizun jakin-minari segika, uste eta pentsatzen duzunarekin zer ikusirik ez daukaten azalpenetaraino irits zaitezke. Azalpen politak batzuk, gauza kuriosoak, eguneroko bizitzan asko laguntzeko modukoak izan ez arren guztiak. Horrela jakin dezakezu, dena den, gure inguru hauetan armadaz aparteko poliziaren kontzeptua nahiko berria dela, bi mende inguru baizik ez dituena, betikoa eta munduko leku guztietakoa dela iruditzen zaigun arren batzuoi, nahi izan ez dugunean beti parean tokatu zaigulako seguru asko. Berrehun urte baino gehiago behar da bat-bateko izu erreakzioa eragingo digun sena, instintua esaten zaion zera hori, gizakiongan berezkotasun gisa itsatsita geratzeko, eta erdia baino gutxiago bizitzen gara hemen gehienok, baina laurdenera gabe ere ikusten eta ikasten dugu nahikoa parean tokatzen zaizkigun bakoitzean alerta egoeran jartzeko. Gauzak ulertzeko saiakeran, ulertzen dut behar dugula Polizia, guztion betebehar eta eskubideen zaintzarako Polizia bat, hurbilekoa irudituko zaiguna, fantasiazko filmetan maitagarri iruditzen zaigun polizia horren antzeko pertsona uniformatuz osatua beharbada. Baina hain egiten da zaila halako poliziarik zinez izan daitekeela sinistea! Parean tokatu zaizkizunek, iluntze beranduan etxera bidean zer edan duzun galdetu dizunak bezala goizeko lehen orduetan bilobarekin zoazela kontrolean geratuta egunonik ere eman gabe zuk diozuna aintzat hartu gabe eta gazteleraz polizia zergatik eskibatzen duzun galdetu dizun horrek, ez baitute aukerarik galtzen ezin maitatuak direla demostratzeko. Ez, Aiuri, ez ditugu maite; ezin ditugu maite. Horrela jakin dezakezu, dena den, gure inguru hauetan armadaz aparteko poliziaren kontzeptua nahiko berria dela, bi mende inguru baizik ez dituena, betikoa eta munduko leku guztietakoa dela iruditzen zaigun arren batzuoi, nahi izan ez dugunean beti parean tokatu zaigulako seguru asko.