7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Emozioz


Hauteskunde kanpainan zenbat denbora daramagun esatea ez da erraza. Azken txanpa honetan bi-hiru aste izan litezke, baina berez noiz hasi zen ezin zehaztu. Amaitu ere, nola asmatu noiz amaituko den! Gaur botoak eman arren, gozoak eta mikatzak ikusteko daude oraindik; emaitzak izango ditugu afaritan postretzat, eta aztia izan beharrik gabe igarri daiteke ondorioek lorratz ederra utziko dutela datozen egunetan.

Lurtarroi zerua agintzea antzinako kontua da, baina gaur goizeko aurkikuntza mirarizkoa balitz bezala eskaintzen duenik ez da falta. Gizakion asmamena joria da, dena den, eta ospa dezagun! Borondate onaren euforia erakusten baitute batzuek, hitza bete beharrik izango ez duenaren fikzioa besteek, amnesiarako adikzio kolektiboaz baliatzeko abilezia dutenak hor daude, eta ibaiaren bestaldekoak, eta han gora doazenak, eta uniformeak eta ez-uniformeak...

Denak bat egitea aldarri, bakoitzak bere norabidea iduri. Ateraldi eta burutazio festa ematen du goizetan berripaperak irakurtzean. Hordagoak, hitz beste egiteak, bezperakoaren damua eta biharamunerako agendak. Edozer eskatzen hasita, ezin gehiago eskatu. Hauteskunde kanpainek, dena den, badute pulpituetako predikuen antza, erdi profezia, erdi errieta, erdi lausengu... gogoetatik ez asko, baina noizbait bide bazterrean galdutako hezur zaharrari horzka eta haginka jo eta su, amorruak jota.

«Hain idorra eta pozaldi urrikoa den bizitza honek eragiten dituen zaputzaldiak errotik ezabatzen ditu Bi Minutuko Gorrotoaren emozio dardarak» idatzi zuen Orwellek “1984” hartan. Hauteskunde kanpaina honek ere Hamabost Eguneko Gorrotoaren itxura izan du batzuengan; besteak beste, EH Bilduren zerrendetan tenebrosoak agertu direlako.

«Ez da nahikoa zuriz janztea: biktimekiko eta bizikidetzarekiko konpromisoak sakona eta zintzoa izan behar du», esan zuen Urkullu jaunak hori ikusita, ez dakit emozioaren dardarak ala gorrotoaren amorruak hartuta, baina esaldi legendario bat utzi nahian seguru asko, hain hieratiko, erruteko puntuan duen mokordoari eusten dagoena baino zurrunago.

Eta beste zerrendak, Urkullu jauna? Zuek ongi jakin arren beti isilean eta isilpean ostentzen dituzuen torturatzaileen zerrendak, noiz egingo dituzue? Zuen poliziek zuen babesarekin torturatu dituzten ehunka herritarrek ez dute begiramenik merezi?