7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ez naiz ni


Ni ez naiz Noruegako Errege, kantatzen du Ruperrek. Ba ni ez naiz Amagoia Mujika. Tira, ez naiz Amagoia Mujika Tolaretxipi, Amagoia Mujika Telleria naiz. Hamabost urte nituela jakin nuen Andoainen bazela “beste” Amagoia Mujika bat. Nire azaletik ni bainaiz originala eta bera “bestea” da, barkatuko dit izenkideak. Berak seguru gauza bera sentitzen duela. Gainera, bera nire aurretik jaio zen eta lehenagotik jantzita dauzka izen-abizenak.

Tira, kontua da institutuko irakasle batek esan zidala Andoainen bazela beste Amagoia Mujika bat. Eta ondo gogoan dut nola esan zidan haren bigarren abizena eta nirea T letrarekin hasten zirela. Alegia, Amagoia Mujika T. jarrita ere ez genuela arazoa konpontzen. Garai hartan bigarren abizenek ez zeukaten prestigiorik. Orduan ez nuen pentsatu ere egiten arazorik izango nuenik Andoainen bazelako beste Amagoia Mujika T. bat. Artean ez nekien kazetariak izango ginenik, bai bera eta bai ni, hizkuntza berean eta herri txiki honetan. Ez nuen uste gure izenak eta lanbideak hainbestetan korapilatuko zirenik. Hamabost urteko burutazioetan kulunkan geratu zen galdera: nola janzten ote zituen egunero beste batek nire izen-abizenak?

Gertatu izan zait izen sonaturen bati elkarrizketa bat proposatu eta aurrekoan egin nion elkarrizketagatik zoriondu izana. «Ba ez nizun nik egin, ‘beste’ Amagoia Mujika izango zen». Gertatu izan zait kalean aitaren heriotzagatik doluminak ematea eta sabelak buelta ematea. «Gure aita bizi da, ‘beste’ Amagoia Mujikarena hil da». Gertatu izan zait bizilagun bat harrituta geratzea atarian elkar topatzean, «Zu ez al zinen Polonian lanean?». Ba ez, ‘beste’ Amagoia Mujika da.

Azken egunotan jakin dugu “Berria” egunkariko zuzendaria izango dela Amagoia Mujika Tolaretxipi, eta zorion batzuk iritsi zaizkit, etapa berrirako indarra emanez. Irakurtzen ikasten ari den iloba ere harrituta geratu da, albistea irakurrita. «Izeba, argazkiko hori ez zara zu». Irratian eta telebistan entzun dut albistea eta neroni sentitu naiz arraro, nireak diren izen-abizenak beste batek jantzi izanaren sentsazio bereziarekin. Baina bereak ere badira izen-abizenak (eta beste Amagoia Mujika bat ere bada, Hondarribia inguruan).

Bitxikeria bat da, ez askoz gehiago, baina tarteka-marteka akordatzen naiz institutuko irakasle harekin, eta orain esango nioke baietz, arrazoia zuela, Amagoia Mujika T. jarrita ere, ez dugula ezer konpontzen. Eta kontatuko nioke biok gabiltzala azalean sartzen den lanbide honetan, onerako eta txarrerako.

Hiruzpalau txorakeria hauek kontatzeaz gain, lerro hauek baliatu nahi ditut niri iritsi zaizkidan zorion eta animo agurrak bere jabeari emateko. Zorionak, Amagoia, eta zorte on! Gure bideak korapilatzen segi daitezela.