7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Herri txikiak eta «komunak»


Zortzi milioi biztanleko hirian bizi nintzen iaz eta 400 biztanle inguruko herri txikian bizi naiz orain. Aldaketa kostatuko zitzaidala uste nuen, baina nire lekua aurkitzen ari naiz hemen. Nire herrian ez dago supermerkaturik, baina supermerkatuan erosi ezin diren gauza asko daude hemen. Askatasuna. Auzolana. Elkartasuna. Babesa. Komunitatea. Eta nire semea hemen hazten ikustea ordainezina da. Hemen ez dut une oro eskutik helduta eraman behar, bere kontura ibil daitekeelako lagunekin. Hemen, semearen bila ateratzen naizenean, bizilagunek leihotik esaten didate euren etxean dagoela. Hemen, edozer behar badut, badakit norengana jo behar dudan. Eta ostiralean ez dut planik egin behar, badakidalako bizilagun guztiak “Benidorm” plazan egongo direla garagardoak hartzen.

Sarritan iruditzen zait, komuna hippy baten bizi naizela. Despistatuz gero, haurra afalduta etortzen da etxera. Bizilagunek askaria ere ematen diote sarritan eta norbaiten lorategiko igerilekura doazenean, euren semearen bainujantzia ere janzten diote askotan. Esan beharrik ere ez dago afariak, askariak eta bainujantziak baditugula etxean. Baina hemen, haur guztiak berdin tratatzen dituzte “nire umea” edo “haren umea” den kontuan hartu barik.

Konpromiso itzela dago herri txikietan. Zerbaitetan parte hartzeko eskatzen badizute, parte hartzen duzu birritan pentsatu barik. Eta tradizioak bizirik mantentzea, betebehar modura hartzen duzu. Santa Ageda da horren adibide. Akordeoi, gitarra eta makilekin lagunduta, etxez etxe joan ginen kantuan. Baserri bakoitzean, mahai bete janari jartzen ziguten eta adineko herritarrak negarrez hasten ziren koplak entzuten zituztenean. Eta, beste behin ere, eman genuena baino gehiago jaso genuen bueltan.

Ni neu ere herri txiki batean jaio nintzen. Hau baino handixeagoa da, 1.000 biztanle ingurukoa. Eta haurtzaroan pentsatzen dudan aldiro, irribarre bat ateratzen zait. Sarritan pentsatzen dut, semeak ze oroitzapen izango dituen bere haurtzaroaz. Bizilagunen igerilekua gogoratuko du agian, edo futbol partida luzeak. Herriko jaietako erromeriak gogoratuko ditu agian, edo Tourra igaro zenean bizilagunekin egin genuen paella jana (lasterketa ikusteko pantaila erraldoi eta guzti). Ez dakit zehazki ze oroitzapen izango dituen, baina badakit irribarre batekin gogoratuko duela haurtzaroa, zoriontsu delako herri txiki honetan.

Etxe hau erosi genuenean, lagun batek esan zidan «etxea polita da, baina ni ezingo nintzateke hor bizi». Ba ez dadila etorri, ze herri txiki honen handitasunaz ohartzen bada, hemen geratuko da bizitzen. Gora herri txikiak eta “komunak”!