2023 UZT. 16 LUMA BERRIEN AZTARNAK Aldatuko da? Luma (Kristina Fernandez) Mikel Askatsua ⎯ Etxebizitza handiagoa behar genian… orain infanteek ez ditek indarra non xahuturik… zoratuko naitek! ⎯ Et-et-et, ez hadi hasi matraka horrekin ostera ere! Be-ro-rrek hartu zion kutsu aristokratikoa desegiten ari den etxola honi. Zulo zahar honetan sartu gaituena hire handinahia eta itxurakeria patologikoa izan ditun! ⎯ Berezkoa diagu odol urdina familian, mon chéri izena eta izana. Genetika kontua duk! ⎯ Kasualitatea, maitea, Martinez de Irujo pilotaria Albako Duke ez den bezala. Haur txiker xamarrak izatea izan dun garai arraro hauetako genetikak ekarri digun abantaila bakarra, bi logela umel hauetan guztiok kabitzeko bedeinkazioa. ⎯ Oi, Martinez de Irujo, horrek bai beragan galtzeko gorputza…! ⎯ Laztana, lasaitu, ingurua gehiago bustiko dun bestela. “BIIIIIIIIIP!”. ⎯ Makinatxo madarikatua, zer duk orain? ⎯ Aitona hilzorian dela zirudin. ⎯ C’est fini, falta zitzaiguna. ⎯ Irten beharko dinagu. ⎯ Nora? Ahaztu al duk berrogeialdia? Alarma egoera? Le confinement? ⎯ Bere bila etorriko ditun, gogoratu, pasa zaigun lehenago ere. Hots egin txikiei, igo daitezela balkoira zaharrak azken hatsa eman aurretik! ⎯ Badakik zer, mon cherie? ⎯ Esan. ⎯ Ez gintuan horren gaizki bizi Euskal Herrira etorri aurretik, hegazkinez hegazkin, umerik ez genuenean. Biok bakarrik, le couple idéal, munduaren konkistan. ⎯ Gogoratzen dun Txinan barrena egin genuen eskapada? ⎯ Nola ahaztu! ⎯ Eta Italiako herrixka hura gure oinetara makurtu genuenean? ⎯ Atzo izango balitz bezala… ⎯ Aste gutxitan mundu osoa zebilenan guri buruz hizketan. ⎯ Ai! Oroitzapen goxoak, la vie en rose. ⎯ Orain, aldiz, gure famaren morroi gaitun… Joeran zegonan kantu leloa… ⎯ Niri gehiago gustatzen zaidak “Hola!” aldizkariko sociétéaren parte garela pentsatzea. ⎯ Nahi dunana, baina ume hauei guztiei estalpe berria aurkitu behar zienagu, eta ezagunegiak gaitun arlote bizitzarako… “No-ni-no-ni-no-ni!”. ⎯ Silence! Hor zatozek erizainak, bi dituk! ⎯ Prest guztiok gainera salto egiteko, etxeko giltzak lapurtu behar dizkiegu. ⎯ Les clés? Noiz behar izan ditiagu giltzak guk? ⎯ Hitz egiteko modu bat dun… Adi! Musukoa diten. ⎯ Sudur bistan duk lodiena. ⎯ Handiena esan nahiko dun. Guztiok al gaitun balkoian? ⎯ Gorte osoa! ⎯ Egin, ba, salto, txikiok: atera azken doministikua agureari. ⎯ À l’attaque, mes enfants! “Aaaaatxis!”. ⎯ Hau bai jauregia, mon chéri! ⎯ Zortea izan dinagu, hemengo logeletako edozein aurreko biak adinakoa dun. Ez ninake esango Osakidetzak hainbesterako emango zuenik! ⎯ Egin dezatela txikiek korrika… Eta guk etzan eta egon, besterik ez diagu behar. Bizitza honek iraungo ziguk, gainera, sendoa zirudik! ⎯ Eta lana? ⎯ Artistak gaituk, performance egileak, ezin diagu telelanik egin, relax! ⎯ Hurrengo ekitaldia prestatu behar dinagu, haurrei bizimodua eman; ala beraiekin bizi nahi dun betiko? ⎯ Aprobetxa ezak pandemia, chéri, gure erregealdia duk! “Zast!” ⎯ Kaizzo? ⎯ Nor haiz hi? Mon chéri, nor duk niri hitz egitera ausartu den mosketari hau? ⎯ Ez zakinat, laztana. Zer nahi duk, gixajo? ⎯ Zzuen bila etorrri naizz, gorrputz berrrezziak. ⎯ Eskoltak ditiagu orain, esaten nian nik, chéri, hau bai benetako jauregia! ⎯ Zergatik hitz egiten duk horrela, gixajo? ⎯ Jatorrri alemaniarrra daukat, badakizzue, Pfizer! ⎯ Hara, aktorea bezala, nola zuan… Michelle…? ⎯ Laztana, ez al haiz konturatu? Gureak egin din… Erizaina txertatuta zagon, gixajo hau antigorputza dun! ⎯ Oi, zorabiatu egin behar nauk, mon dieu! ⎯ Koroa desegin zaidan… ederra izan dun hirekin gizateria hankaz gora jartzea. ⎯ Je t’aime, ene koronabirusño. “RIIIING!”. “Aita?”. “Ondo, bai, lanean oraindik. Zuek ere ondo?”. “Bai, txerrikeria da aldameneko herrian egon eta bisitatu ezina”. “Etxekoak ere ondo, badakizu, Iñaki umearekin, ni guardian nagoenean”. “Maddi inor baino hobeto dago, aita, gero egingo dizugu bideo deia”. “Ba, ospitalean azkenaldian bezala, ZIUa gainezka”. “Beste bat eraman berri dugu gorputegira.” “Berdin da ze adin zuen, aita!”. “Apur bat nekatuta, baina beharrezkoak gara”. “Eztul txikia baino ez da, aita!”. “Osasun langileak txertatuta gaude, lasai, pasako zait”. “Berrogei urte eta behin-behineko, bai; baina guztia aldatuko da hau amaitzean”. “Hobeto baloratuko gaituzke, bai…”. Aldatuko da”. ⎯ Eta zzu, txiki, norr zzarra? ⎯ Non sartu dira aitatxo eta amatxo? Eta ahizpa-nebak? ⎯ Neutrralizzatuak izan dira, xurrgatuak, kapput! Zzurre txanda orrain… Zzerr gerrtatzen da? Zzerrgatik ezz zzarra disolbatzen? Norr zzarra zu? ⎯ Ni alaba gazteena naiz. ⎯ Zzelan? ⎯ Omicron deitzen didate. Idazleari buruz... Mikel Askatsua. Errefluxu gastroesofagikoa bi urterekin. Asmatikoa. Bizkarreko eskoliosia. Berrogeiko krisia.