7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Ikasten

Arkitekturak gero eta garrantzi gehiago hartzen du gaur egun berritzen eta berreraikitzen diren hezkuntza zentroetan. Badira, ordea, arkitektoek diseinatutako proiektu originalaren antzik hartzen ez duten eraikinak ere. Donostiako Gros auzoan dagoen Biteri eskola da horren adibidea, azuleju urdinez estalitako bunker itxurako azpiegitura.

Biteri eskolaren proiektu orijinalaren axonometria. Biteri eskolaren kokapena eta kontestua eta eskola gaur egun.

Hezkuntzaren gaia zeharkatu nuen nire maiatzeko testuan (‘Espazio Pedagogikoak’ 2023-05-07), Madrilen Andres Jaquek eraikitako Reggio School-en inguruan gogoeta bat eginez. Martitzetik ekarritakoa dirudien eskola pribatu eta elitista honen forma probokatzailea interesgarria egiten zitzaidan, azken urteetan eraikitzen diren eskola publikoekin alderatuta, sistematizazioaren bitartez, pedagogia aurrerakoi eta inklusiboen bultzada galdu dutela iruditzen zaidalako, pribatuen mesedetan.

Artikulua argitaratu eta egun gutxira iritsi zen hauteskunde eguna eta orduan bueltatu nintzen nire lehen eskolara, Donostiako Gros auzoko Biteri ikastetxera, bozkatzera. Gustura noa bozkatzera. Poliki egin dut, ahal dudan denbora gehien eraikin horren xehetasunak berbisitatzeko gogo biziz. Egurrezko ate eta zokaloak. Hamarnaka pintura kapa jasan dituen adreilu horma biguna, zuri-zuria. Perimetroan dituen kurbadun luzernarioak, sabaia eta partearen arteko junta desagerrarazten dutenak, gelak argiz betez. Onartu behar dut hauteskunde mahaian egotea tokatuko balitzait gustura egingo nukeela eguna han, baina ez da inoiz gertatu. Gaur ere ez.

Ondo begiratuta, Donostiako eraikinik arraroenetakoa da Biteri eskola. Azuleju urdinez estalitako bunker bat dirudi kanpotik, haur eskola bat ordez. Pisu bakarra du eta leiho oso gutxi, barnealdea lehen aipatutako luzernarioekin argiztatzen baita. Kanpoaldean eraikinari buelta ematen dion espazio bat du, hesi batez kalearekin mugatzen duena, ikasleen kanpo espazio bakarra dena. Are arraroagoa egiten du Groseko zentroan kokatuta egoteak, San Ignazio eliza neogotikoaren ondoan, aldi berean eskolaren hesia ere badena. Espekulazioaren auzoa bihurtu den Grosen elementu anormal bat da Biteri eskola. Ez da eraikin dotoreena, baina zinez bada bizarroa.

Eskolaren formaren zergatia ezagutzeko udal artxibora jo nuen hauteskundeen ostean, eta han topatu nuen eraikinaren formaren zergatia. Dirudienez, eskola bat izan zen bertan XX. mende hasieratik orube horretan, Pedro Biterik sustatua 1905. urte inguruan. Garai horietako eskola tipikoa zen han eraiki zena, alde batera nesken gelak eta bestean mutilenak banatzen zituen eraikin simetrikoa. Eraikin hau 1970eko hamarkadan eraitsi eta haur eskola berri bat eraikitzeko proiektu andana gordetzen du udal artxiboak. Bospasei proiektu deskartatu ikusi ondoren, topo egin nuen gaur egungo eskola definitu zuen proiektua.

Proiektu erradikala da udal arkitekto munizipalak sinatu zuena (Manuel de Santo Domingo Rivacoba). Topografia bat da eraikin bat baino. Harmaila eta eskailerez josita dago perimetro osoa, eta eraikinaren estalkiak plaza bihurtzen dira. Eraikina espazio publikoa eta eskolaren patioa bera bihurtzen da eta, ondorioz, ez du hesirik, kalea-plaza-eraikina bat eta bera da. Topografia honetan zuhaitzak, bankuak eta espazio publikoaren bestelako osagaiak kokatzen dira. Erraza da erlazionatzen proiektu honen ideia eta garai horretan Bartzelonan Oriol Bohigasek sustatu zituen “plazas duras” edo garai horretan bukatu zen Sydneyko operaren plintoarekin.

Tamalez, proiektua ez zen modu honetan garatua izan eta soilik proiektuaren distribuzio orokorra mantentzen da. Eskailerak eta harmailak baztertu ziren eta hesia beharrezkoa bihurtu zen. Askora iritsi nahi eta erdibidean geratutako proiektu bat da, beste asko bezala.

Gaur berriro joango naiz hara, bozkatzera eta desberdin begiratuko diodala uste dut. Ez soilik txikitako nostalgia hori nahastu delako izan zitekeenaren nostalgia batekin, berriki fatxada bentilatu sistema bat egokituko diotelako jakin dudalako baizik. Ikusiko dugu zein emaitzarekin.