7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Konformismoaz


S. apurgarria,

Ez da erraza asmatzen. “Zer moduz?” galdetzen dizudanean, erantzungailu automatikoaren graziaz erantzuten didazu. Galderaz beste eginez gero, ardurarik eza leporatzen. Kanpinean haurrak bezain libre ibili zaren jakin nahi nuen, kantuan gustura ote zabiltzan, Rachel Cusken azkena zer iruditu zaizun... Pozik bizitzeko zer eta zenbat behar duzun kontatzea gustatuko litzaidake, poza konformismoarekin lotzen ote duzun ala, ezinbestean, konformismoak espektatiba itogarriak sortzen dizkizun zuri ere. Arin idatzi nahi nizun, zure kontraesanetatik salbuetsi, aurten ere uztailaren amaierak abuztuaren hasierarekin bat egingo duela iragarri. Badakit garbitzaileen garaipenak piztu zaituela, epai euskarafoboak mindu, eta hauteskundeen emaitzak...

Zer geratzen da hauteskundeen ostean? Zer oporren ondotik? Zer ondorenaren ondoren? Hilabete hastapeneko irudiak datozkit gogora: andre bat, uholdeen erauntsiari aurre egin nahian, bere autoaren teilatura igota. Andre hori zara zu ere. Ez daukazu korrontearen aurka igeri egiteko modurik eta, aldi berean, geldi egoteak ezina sentiarazten dizu. Gentrifikazioaz, matxismoaz edo arrazakeriaz mintzo dira bazterretan. Besteek eragindakoaz baino ez zara jabetzen zu. Ahanzten duzu alokatzen dituzun etxebizitza turistikoek auzokoak kanporatzen dituztela, aspalditik ez zaituztela mugako kontroletan gelditzen edo, orain gutxi, gizonezkoei emakumezkoei baino txalo gehiago jo zizuetela iruditu zitzaiola gai-jartzaileari. Konformismoarekin ez, confortmismoarekin du zerikusia pozak. Ezetz? Hitz egin genezake Voxez zein bozez, eskuinaren muturraz nahiz muturraren eskuinaz, baina noiztik ez duzu bestelako mundu bat irudikatu? Zenbat denbora da okerra eta okerrenaren artean aukeratzen ari zarela? Auto elektrikoan ibiltzearekin eta administrazio kontseilu parekideak lortzearekin konformatzen zara? Faxismoaren garaipenik handienak ez dira boto kutxetan gertatzen, zu bezalakoen buru-bihotzetan baizik. Horregatik, izan zintezkeenaren bertsio oso erakargarria eskainiko dizu beti publizitateak, zure burua berrasmatzeko atea zabalduko dizu noiznahi, baina ez al zara zure burua beste bat izan arte berrasmatzen ari?

Arin idatzi nahi nizun, Gure Zirkura gonbidatu, gogoari sandaliak janzteko esan, Olaia Inziarte entzuteko gomendatu... Arin idatzi nahi nizun baina ez da erraza asmatzen.