7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Nerabearen tribua gaur


Goiz batean, gosaltzera esertzen zara sukaldean eta nerabezaroa esertzen zaizu parean, pijamarekin. Horrela, abisatu gabe. Bart muxu batez oheratu duzun haurra irentsi duen nerabe bat, espero gabe, sukaldeko mahaian parean eserita. Hara!

Ez dut nerabezaroaren kontrako aldarririk egingo. Garai gorabeheratsua da, argiak eta ilunak dituena. Esperientzia zoragarria bezain traumatikoa izan daiteke haur horretatik loratzen ari den helduaren parean egotea. Batzuetan jo eta harrituta uzten zaitu, gai eta esperientzia berriei buruz hitz egiteko gaitasuna, argumentuak josteko dotorezia, hitz egiteko eta entzuteko patxada, espero ez zenuen heldutasun maila. Beste batzuetan... tira, beste batzuetan hobe da olatua jaitsi arte ur bazterrean itxarotea. Izan ere, zer da olaturik gabeko nerabezaroa? Laguntasuna, maitasuna, tristura, poza, haserrea... dena infinitu.

Nerabeen gurasoak ez dakite ezer, «ez dira enteratzen». Aspaldiko kontua da hori, dagoeneko gure garaian gurasoek ez zekiten ezer gure kontuez. Pentsa orain. Alabari hilekoa jaitsi zaio eta hor joan da ama, gozo-gozo, edozein zalantza baldin badu galdetzeko amari, lagunduko diola. «Lasai ama, dagoeneko ikusi dut Youtubeko tutorial bat».

Garai horretan gaude. Nerabeen ustez gurasoek ez dakite ezer, lagunen ahotsa da garrantzitsua. Lagunak, bere adin bueltako eta esperientzia eskaseko adituak. Baina tribuaren babesa garrantzitsua da adin horretan. Hori horrela izan da beti.

Arazoa da nerabearen pentsaeran eta mundu ikuskeran eragina daukan “lagun kuadrilla” hori asko aldatu dela. Sare sozialetan zabaldu zaien mundu zabal eta askotariko horretan topatzen dituzten “ahotsak” dira kezkagarriak. Broma gutxi.

Gure nerabeen telefonoetara egunero-egunero lasai ederrean sartzen dira hainbat “fachatuber”. Feminismoaren kontrako diskurtsoak, maskulinitate toxikoaren aldekoak, klima aldaketa existitzen dela zalantzan jartzen dutenak, gizentasunari barre egiten diotenak, sexu askatasunaren aurkakoak... horiek dira eguneroko ogia gure gaztetxoen mugikorretan. Jantzi eta orrazkera modernoz, zapatila guayak jantzita, erdi txantxetan bezala, eskuin muturraren eta faxismoaren mezuak etxe-etxeraino sartzen dizkigute.

Parean loratzen ari zaizkigun heldu horiei arretaz begiratu behar diegu. Ez dute erraza, faxismoak beti asmatzen du jantzi berriak janzten, baina gure gazteak baliotsuegiak dira haien esku uzteko.