7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Adina


Zenbaki bat baino gehiago da adina. Lehenengo urtea betetzen dugunetik, markatu egiten gaitu. «Ze denbora dauka umeak? Oraindik ez zaio hortzik atera?». Izan ere, nahi edo ez nahi, etiketa bat jartzen digu unean uneko adinak: umea, gaztea, zaharra. Eta estereotipo jakin batzuk ere bai: nola jantzi behar dugun, ze musika gustatu behar zaigun eta ze jarrera izan behar dugun bizitzan. Nerabe kuadrilla bat deskribatu beharko bagenu, short bakero laburrak eta reggetoia etorriko litzaizkiguke burura. Jubilatuez hitz egiten hasitakoan, berriz, txikitoak eta obretara begira pasatzen duten denbora aipatzen ditugu.

Badaude, baina, adinaren etiketak hausten dituztenak. 12 urterekin Estatu Batuetako presidenteak bezala hitz egiten zuen klasekidea datorkit burura. Edota Mick Jagger, Rolling Stoneseko abeslaria. Duela egun batzuk bete zituen 80 urte eta hortxe jarraitzen du, rockak hauspotuta oholtza gainean sua pizten.

Urteak betetzeak ez dit beldurrik ematen, baina sarritan imajinatzen hasten naiz nola egongo naizen berrogeita piku urte barru eta ondo edo txarto zahartuko naizen. Urtebetetze tartan 80. kandelara iritsiz gero, Mick Jaggerren moduan egon nahi nuke, Joe Bidenen moduan egon ordez. Baina batek daki. Argi dagoena da, ia bizitza erdi agortu dudala, eta agian horregatik aldatzen ari zait adinaren ikuskera. Duela urte batzuk, 40 urtekoak zaharrak iruditzen zitzaizkidan eta, adin horretara hurbiltzen noan heinean, zimurrak zimur, oraindik ere gaztea naizela esaten diot nire buruari. Gurasoekin ere antzekoa gertatzen zait. 70 urtera hurbiltzen ari dira eta nire aitona-amonek adin hori zutenean baino gazteago eta modernoago ikusten ditut.

Eta gaztetasunaz ari garela, ezin ahaztu Brad Pitt aktorea. Duela 20 urte moduan dago, denboraren igaroa gelditu izan balu bezala. Wimbledongo tenis partida bat ikustera joan zen duela gutxi, eta memez bete ziren sare sozialak. Deigarria da, “Benjamin Buttonen kasu bitxia” filmean zahartu ordez gaztetzen zihoan pertsona antzeztu zuela Pittek. Bistan dago pertsonaia hori guztiz barneratu zuela eta urteak betetzen barik urteak kentzen doala. Ea besteoi ere kontatzen digun zein den bere sekretua!