7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Irati


Euskal komikigintzak une gozoa bizi du egun. Komikipediari esker, atzera begiratuz gero, 2000 eta 2013 artean, urtean 5-10 eleberri grafiko argitaratzen zirela dakusagu, azken hamarkadan kopuru hori bikoiztu eta hirukoiztu dela. Iaz, adibidez, 52 lan argitaratu edo berrargitaratu ziren. Oparotasun horren sintoma da, ezbairik gabe, “Irati” bildumaren berredizioa. Juan Luis Landa ilustratzaile eta egilearen hitzetan, 90eko hamarkadan, bertzeak bertze Gabai sail erraldoi eta mitikoaren ondoren, komikien mundua krisi betean sartu eta, argitalpenen beherakada nabarmena ez ezik, aldizkari eta argitaletxe zenbaitsuen itxiera suertatu zen. Ondorioz, bertako irudigileek merkatu europarrera jo behar izan zuten, batez ere mundu frankofonora, ilustrazioaren alorrean industria eta publiko hagitz sendoa eskaintzen baitzuen.

Exodo horren alaba da “Autzaren esnatzea”, Irati saileko estreinako albuma. Hala, Europan «baskoien istorioak kontatzeko ametsa egia bihurtu» zitzaion Juan Luis Landari 1995ean. Gure historia eta mitologiaren artean Joaquin Arbeloa eta Migel Barandiaran uztartuz sortu zituen Irati «gazte basatia, Pirinioetako natura oparoaren alegoria, erdi lamia, erdi gizakiaren» eta Eneko «gudari baskoi gaztearen»; hots, bi pertsonaia nagusien arteko ezinezko maitasun harremana. Ezintasun hura hain zen handia ze, pertsonaia eta agertoki berriekin aberasturik, bi album berri osotu baitzituen Landak, Joxean Muñoz gidoilariaren laguntzaz: “Boldroren domina” (1997) eta “Iratiren zigorra” (2003). Lehenaren eta azkenaren arteko aldea trazo garbiago, euskara finduago eta trama landuago batean antzeman daiteke hobekien.

Hogei urte geroago, “Irati” belaunaldi berriei ekarri die euskarazko film arrakastatsu bihurturik Paul Urkijo zinemagileak. Ideia originala libreki moldatu badu ere, Urkijok mantendu du komikien parte historikoa: Antzinarotik Erdi Arorako trantsizioa, bi erresuma -Karlomagnorena eta Abderramanena-, eta ekialdetik etorritako bi erlijio monoteista handiren artean -kristaua eta musulmana- herri baten eta haren sinesmenen biziraupena -edo sinkretizatzea-, eta erresuma berri baten jaiotza.

Lehendabizi gazteleraz idatzirik badira ere, belaunaldi batzuk euskarara eta euskarazko komikigintzara ekarri gintuzten Ipurbeltz eta Xabiroi aldizkarietan atalka argitaratu zuen gerora Erein argitaletxeak. Orain, berriz, gaztetxoentzat eta nostalgikoentzat, batera paratu ditu hiru liburukiok, fantasia, ezpata eta magia, borroka eta maitasuna, historia istorioen mesedetan jarri daitekeela berretsiz.