7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Pobreak eta aberatsak


Gazte bat ikusi dut gaur, zaborretan janari bila. Errealitate horrekin tupust egiten dudan bakoitzean ziztada bat sentitzen dut bihotzean. Gaur ziztada bikoitza sentitu dut. Izan ere, zaborretan janari bila zebilen gaztea ezagutzen dut. Ondoko herrikoa da, nire senarrarekin jokatu zuen futbolean eta klase ertaineko familia batekoa da. Aspaldi ez nuen ikusten, baina inolaz ere ez nuen espero zaborrontzian burua sartuta aurkitzea.

Uste duguna baino gertuago daukagu pobrezia eta uste baino jende gehiago daukagu inguruan arazo ekonomikoekin. Hipoteka ordaintzeko gurasoen laguntza behar duen lankide ohia datorkit burura. Eta hil amaierara ozta-ozta iristen den laguna. Eta aurten oporretan joateko dirurik izan ez duen lehengusua. Elikagaien Bankuetako boluntarioek argi esaten dute: laguntza eskean joaten zaizkien gehienak euskal herritarrak dira. Zu eta ni bezalakoak.

Mundu paralelo baten bizi da Neymar. Futbol jokalari ezagunak 100 milioi euro kobratuko ditu Saudi Arabiako Al Hilal taldean jokatzeagatik. Eguneko, 270.000 euro inguru. Hori gutxi ez eta, zenbait klausula nabarmen ere jarri ditu. 25 logelako etxea eskatu du, eta 5 zerbitzari. Luxuzko auto bat ez, hiru luxuzko auto izango ditu. Gidari bat bere esanetara egongo da eguneko 24 orduetan. Eta etxean hiru izozkailu izango ditu, berari gustatzen zaizkion guarana eta açai zukuz beteta. Lehendik ere gastatu ditzakeenak baino milioi gehiago dituen futbolariari gutizia guztiak onartze horrek sutan jarri nau.

Ez dakit aberatsak zenbatgarren milioitik aurrera deskonektatzen diren errealitatetik, baina argi dago ez dakitela zein mundutan bizi diren. Duela urte batzuk, Estatu Batuetako telebista programa baten Bill Gates enpresariari galdetu zioten ea pizza zati bat eta detergente kutxa bat zenbat kostatzen ziren. Ez zuen asmatu, supermerkatura gutxitan joaten baita munduko seigarren pertsonarik aberatsena dena.

Inflazioarekin handitu egin da aberatsen eta pobreen arteko aldea. Aberatsek garestiago saltzen dituzte euren enpresek ekoizten dituzten produktuak, eta pobreak estuago dabiltza oinarrizko elikagaiak erosteko. Neymarrek egun bakarrean irabazten duenarekin dozenaka familiaren arazoak konponduko lirateke. Baina ez da halakorik gertatuko. Saudi Arabiako luxuzko etxean açai zuku freskoa edaten segituko du Neymarrek, nire ezagunak zaborretan janari bila jarraitzen duen bitartean.