7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Su festak


Nolakoa behar du musika festibal batek? Kalean izan behar du ala barruan? Debalde ala ordainduta? Zein hizkuntza entzun ahalko dira? Genero ikuspegia modu integralean landuko da? Plurala izango da kartela? Markek parte hartuko dute ala ez? Bertako ala urruneko taldeak arituko dira? Ezagunak ala ezezagunak? Musikarien eta publikoaren arteko distantzia zein izango da? Jaialdia joaten denean zerbait uzten al dio auzo, herri edo hiriari?”. Galdera horiek eta bertze batzuk darabiltza Jon Urzelai Urbieta (Zumarraga, 1990) fisikari eta soziologoak “Su festak” (Susa) saiakera osoan zehar, Bigarren Mundu Gerraosteko kontsumo gizartean hain zabaldurik dauden musika jaialdien nondik norakoak aztertzeko. 1969ko Woodstock mitikoak lau haizeetara zabaldu zuen fenomeno kultural eta soziala izaki, ordutik hamaika aldaera jasan izan dituzte festibalek. Pop, rock, reggae eta bertzelako estiloetan espezializatu dira, tokian toki moldatu -gurean estreinakoz Mairulegorretako kobetan jazo zena kasu- eta, hala, arestiko hippi haietatik ezer gutti geratzen zaigu XXI. mendean, baina musikaz harago doazen gertakari hauek sekulako loraldia bizi dutela ezin ukatu.

Baita Euskal Herrian ere. Horren adibide dira BBK Live eta Azkena Rock makrojaialdiak; horien azterketan tematzen da batik bat Urzelai. Izan ere, bertan aurkitzen ahal ditugu masa fenomeno hauen ikurrik behinenak. Lurralde baten turistifikazio, masifikazio eta gentrifikazioa, langile izaeraz gabeturik hiri eta auzo batzuen aura postmodernoa eta “sortzailea” hedatuz, Guggenheim dela horren etsenplurik argiena. Herri baten folklorizazioa indartzen dute bertzetan, Basque eta Basque Country marka eta inguruan sortutako guzia kasu. Diru publikoaren xahuketa, esku pribatuetan amaitzen dela. Edo musikari eta bertzelako langileen esplotazioa eta musikaren ekosistema jasangarri baten suntsiketa areagotuz, zeinak areto ertain eta ttipietan sostengaturik izan beharko lukeen. Finean, sistema ekonomikoaren, gizartearen, musikaren eta kulturaren eta bi hauen alde erlijiosoaren arteko loturak sortzen dituen erpin guziak. Horiei, hala ere, eta lan honen alderik interesgarriena osotuz -nahiz eta txosnen ereduan sakondu ez-, bertzelako esperientziak kontrajartzen dizkie liburuak. Herritik eta herriarentzat sortuak direnak. Hasieran paratutako galderetara itzuliz, azken batean, saiakera honek aukera biren arteko talkaz dihardu: errituz, transgresioz eta indar eraldatzailez betetako benetako akelarre batetik gertuago ala gizakiarentzat fenomeno antzu eta hutsal bat baino ez dira gaur egungo jaialdiak?