7K - zazpika astekaria
KIROLA

Etenaldi osteko entrenamenduak


Badirudi abuztuan dena gelditu eta irailean zerotik hasten dela. Oporraldi garaia eguneroko bizi-ohiturak aldatu eta urtean zehar egin ohi ez ditugun jarduerak egiteko garaia izan ohi da. Orokorrean, atseden hartzeko sasoia ere bada; esaterako, eserita edo etzanda orduak eta orduak igarotzen ditugu (autoan zein hegazkinean bidaiatzean, hondartzan edo etxeko sofan…). Gainera, eguneroko kezkak alde batera utzi eta estres maila nabarmen txikitzen den garaia da oporraldia.

Egia esan, ederki egoten gara egunerokotasunera itzultzeko momentua iritsi arte eta konturatzerako bueltan dira berriro goizeko alarmak, lanera edo ikastetxera presaka mugitu beharra eta norberaren aisialdiko ekintzen hasierak. Hain zuzen ere, azken hau da gure arloa. Jarduera fisikoko ekintzetan izen-emateak ohikoak izan ohi dira garai honetan, norbere buruari urteko helburu proposamen berriak ezarriz. Baina garbi al daukagu zein ekintza den guretzat egokiena? Nola aukeratu kirol praktika egokiena? Zein da entrenamenduekin hasteko modua? Guk garbi dugu.

Salto-k entrenamendu sistema batean oinarritzen ditu bere entrenamenduak. Gure sistema mugimendu-patroietan oinarritutako sistema da, gorputza bere osotasunean ikusten duena eta estimulu berriak eskainiz progresio zuzen bat markatzen duena.

Hortaz, nola hasiko gara iraileko entrenamenduekin? Guretzat oso momentu garrantzitsu eta baliagarria da. Iraileko entrenamenduetan 3 helburu nagusi ezartzen ditugu: artikulazioen mugikortasun graduak ezagutzea eta gure mugen kontzientzia izatea; gorputz enborreko giharrak (core) plano guztietan indartzea eta arnasketa erritmo egokia ikastea; eta, azkenik, oinarrizko mugimendu patroi nagusiak barneratzea eta hauen indarra lantzea exekuzio egokia erabiliz.

Hori guztia aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da programa bat zehaztea, gorputzari beharrezko estimuluak eskaintzeko eta jarduera fisikoko programarekiko atxikimendua lortzeko. Gure lan sisteman, jarduera fisikoa eta mugimenduaren hezkuntza aldetik oinarri sendo bat izatea alderdi garrantzitsua da. Hortaz, iraileko entrenamendu-heziketa urte osoan zehar baliatuko dugun prozesua izango da; hau da, biderkatzen ikasi aurretik batuketak egiten ikasi behar dugu.