2023 URR. 01 IRITZIA Bazkalondokoak JOKIN URAIN Arteaz ari ginen bazkalondoan, bazkalondoek batzuetan ematen dutelako parada zernahi gai astintzeko, gauza serio samarrez ere jarduteko aditu izan beharrik gabe, pentsatzen duzuna edo boteprontoan burura edo mingainera datorkizuna esateko. Solasaldi akademiko edo sasi-akademikoan alboko edo aurreko hiztuna aditua bada, ezer esateak erreparoa emango dizu beharbada. Igual ez da autoestimu falta, baina zure arrazoia erkina ote den susmoa pizteko arriskua, aditu edo jakitun moduan aritzen den hainbatek arrazoiarekin baino itzal handiagoa egiten duelako berriketan aritzeko moduarekin. Lekuak ere eragiten du, eta entzuleen kokapenak eta jarrerak, haien begiratzeko moduak eta arretak. Irakasgai magistralak emateko prestatu dizuten aretoan ez zara hasiko tabernako mostradorean bezala; oharrak hartzeko paperarekin zain dauden entzuleei ezin hasi ukalondoa barran eta edalontzia eskuan begiratzen dizutenei legez. Leku bakoitzak badu bere itzala, eta eragiten digu, modu batera edo bestera. Baina Agamenonen urdezainaren zera ekar genezake hona ere, eta ez balizko hiztunaren arrazoiketagatik soilik, baita lekuagatik ere. Jauregi handietako sala distiratsuan esana edo txerri-kortan esana izan, ez baita aldatzen esandakoaren balioa. Arteaz ari ginen, bada, eta artistez ere bai, bata zer den eta besteak zeintzuk diren erabaki ezinean. Baina zientzia zehatzez aritzeak baino aukera erosoagoa ematen duelako iritzi sendo legez botatzeko burutazioak baizik ez direnak. Ez dago zertan aditu izan; ez dago zertan iritzia edo burutazioa ukatu aditu ez izateagatik, ez behintzat lagunarteko bazkalondoan. Guztiok aditu bagina, bestalde, artean adituak bagina denok, non geratuko litzateke artistaren sormenerako tartea? Perratzailearen semea ari zen esaten jendearen sentipenak astintzen, mugitzen, batzen, gozatzen edo mintzen dituzten irudiak direla artea, eta irudi horiek egiteko gai direnak artistak. Gehienok begien oroimenean ditugun irudi zenbait aipatu zituen, haien egile batzuk, Oteitza, Zumeta, Txillida… Erantzuteko puntuan nengoen artearen izenean igual egiten direla mordoilo galantak, ematen zaien azalpenean baizik ez daukatenak arterik. Baina Joxe Domingok hartu zidan aurrea, Lazkao Txikiren hura gogoraraziz: «Txillida omen duk artista, hi! Hark egiten duena ulertzen duena, hura bai artista!» Ez dago zertan aditu izan; ez dago zertan iritzia edo burutazioa ukatu aditu ez izateagatik, ez behintzat lagunarteko bazkalondoan. Guztiok aditu bagina, bestalde, artean adituak bagina denok, non geratuko litzateke artistaren sormenerako tartea?