2023 AZA. 05 KIROLA Behobia-Donostia, atariko egunak MARKEL URRATE ANTIA - Salto Training Egutegian gorriz markatutako hilabetea izaten da azaroa korrikalari askorentzat. Entrenatzen denbora gehiago edo gutxiago eraman, azkenean iritsi dira lasterketa aurretiko azkeneko egunak eta honekin batera ohiko urduritasunak. Gaurko artikuluan, azkeneko egunetarako zenbait aholku eskainiko dizkizuet, betiere gomendio hauek norberaren gaitasun eta mailara egokitzeko. 1) Utzi probak alde batera: orain arte egin ez baduzu, orain ez da probatzeko garaia. Ez da ikaragarrizko entrenamendu bolumena sartzeko garaia (ez da behar astean 6 egunetan korrika ateratzea, eta sentsazio hori baduzu agian ez zaude prest lasterketa burutzeko); ez eta inoiz landu ez baduzu, indar-entrenamenduekin hasteko unea; barrita edo gel berri hori ere beste lasterketa baterako utz ezazu eta kaxatik atera berri dauden zapatila berri horiek kaxan bertan uztea hobe. 2) Jarraitu korrika entrenamenduekin: entrenamendu nagusiak egingo ditugun arren, norbere programarekin jarraitu beharra dago. Motibazio maila nabarmen handitzen den azken asteotan, eta entrenamenduen gaineko kargen gestioa garrantzitsua izango da neke muskularra ez pairatzeko. Horretarako, estrategia ona izaten da entrenamendu saioen bolumena jaistea eta horien intentsitatea igoaraztea (lan interbalikoa, serieak, progresioak, aldapak…). 3) Indar-entrenamendua bai edo ez?: askok buruan izango duzuen galdera da. “Indarra egiten dudanean pisutsu sentitzen naiz”, “ez dut agujetekin iritsi nahi”… Horrek guztiak badu bere erantzuna: kargen gestioa eta indarraren kontzeptua aldatzea. Indarra lantzeak ez du esan nahi inoizko pisu altuenak mugitu behar ditudanik, ez eta giharrak puztuko zaizkidanik ere. Fisikaren arloa jorratuz, indarra edozein mugimendu edo desplazamendutan azaltzen den kontzeptua da; hortaz, zergatik utzi indarra lantzeari korrika ari garenean indarra lantzen ari bagara? Azkeneko egunak lasterketako teknika, pliometria deritzon inpaktuko lana eta aktibazio muskular altuko (PPA) entrenamendu saioak lantzeko une aproposa da. Entrenamendu munduan esaten den bezala, “egin beharrekoak eginda daude”, zaindu gorputza, eta gozatu lasterketaz norbere erronkak lortzeko borrokatuz.