2023 AZA. 12 IRITZIA Disimulatzeko Jokin Urain N orberarena denean lasaitua ematen du puzkerrak, eta igual edertzat hartu, baina besterena ez dugu asko estimatzen, zer esanik ez usaintsua bada. Erremediatu ezineko estualdiaren askabidea ohi da, izan borondatez bultzatuta joana edo izan itxiturari zirritua bilatuz ihes egina. Txantxarako bidea eman dezake batzuetan, burla edo mespretxu egiteko ere bai, eta, non edo zein abagunetan botatzen den, edukazio txartzat har daiteke zuzenean. Azken batean antzekotasun handia du umorearen zenbait aldaerarekin; batzuetan txisteak kontalariari bakarrik egiten dio grazia. Dirudienez, garai hobeak ezagutu zituen puzkerrak, eta ospean oso gainbehera etorria dago. Antzinaroan eta Erdi Aroan, eta hain antzina ez dela ere bai, beste sona bat zuen, itxura denez, puzkerrak, eta baziren publiko aurrean horretan propio aritzen zirenak. Flatulista edo puzkertiak ziren. Flatulista edo puzkerti profesional bat ei da puzkerrak modu kreatiboan, musikalean edo barregarrian botatzean oinarritzen den espektakulua egiten duen pertsona, askotan komediante gisa hartua izan dena. Horietako bat izan omen zen Joseph Pujol, Le Petomane izen artistikoa zuena. Gaitasun hau zuela ohartu eta 1887an espektakulu bat muntatu zuen Marseillan. 1890ean Moulin Rougen debutatu zuen, espektakulu oso famatu batekin. Bertan ipurtzulotik gomazko tutu bat sartuta “O sole mio” eta “Marseillesa” jotzen zituen okarinarekin. Ondoren, “Au clair de la lune” jotzen zuen txirulatxo batekin. Bere espektakulura joan omen ziren Eduardo VII.a Erresuma Batukoa, Leopoldo II.a Belgikakoa eta Sigmund Freud, besteak beste. Salvador Dalik ere ikusi omen zuen bere antzezpena. Harrapazank! Nik, dena den, eztulaz aritu nahi nuen gaurkoan eta ez puzkerraz, askotan biak jarraian edo bateratsu doazen arren. Behin, eztula ala puzkerra izan ote zen gaia jarrita, «eztula egin dezu disimulatzeko» kantatu zuen Lazkao Txikik. Joan den urriaren amaiera aldera, Bilboko Euskalduna jauregian, Familia Enpresen Institutuaren jardunaldi edo dena delakoan, Iñigo Urkullu euskaraz hitz egiten hasi zenean eztulka ekin zioten aurrean zeudenek. Horien artean zituen erakunde horretako presidente Andres Sendagorta, espainiarren errege Felipe Borboikoa, PPko presidente espainiarra eta enparauak. Lazkao Txikirenari helduta, pentsatzekoa da handikiok izango zutela disimulatu beharreko puzkerren bat, baina larderia disimulatuko duen eztulik ez dago. Nik, dena den, eztulaz aritu nahi nuen gaurkoan eta ez puzkerraz, askotan biak jarraian edo bateratsu doazen arren. Behin, eztula ala puzkerra izan ote zen gaia jarrita, «eztula egin dezu disimulatzeko» kantatu zuen Lazkao Txikik. Lazkao Txikik.