2023 AZA. 19 ARKITEKTURA Sponge city edota belaki-hiriak Lehorteen atzetik datozen euri jasa izugarriek sortutako uholdeek kalte sakonak eragiten dituzte hirietan, funtsean horien diseinua desegokia delako. Egileak drainatze sistemak modu iraunkor eta naturalean hobetzea defendatzen du eta Txinako hirien adibidea aipatzen du. Haikou-ko (Txina) Meishe ibaiertzeko bidea eta Fengxian parkea. Berdeguneak 80 hektarea ditu eta bertan 13 km-ko pasealekua dago ibai ondoan. (Turenscape estudioa) Nekane Azpiazu Lejardi Autoa da hirien plangintza baldintzatu duen faktorea XX. mendeaz geroztik. Izan ere, ibilgailuaren asmakuntzak kaleen diseinua horien zirkulaziora moldatzea ekarri du, elementu pribatua nagusituz espazio publikoan, eta, horrekin batera etorri dira hormigoizko eta asfaltuzko gainazal grisak eta iragazgaitzak. Material horiek ez diote euri-urei zorupera modu naturalean igarotzen uzten eta, pilaketa errazteaz gain, hirietako bero-uharte efektua areagotzen dute. Joera uraren aurka borrokatzea izan da historian zehar, besteak beste, horma zein azpiegitura handiak eraikitzea edota gainazalak zigilatzea. Denborak erakutsi digu estrategia horiek ez direla egokiak naturarekin elkar bizitzeko, eta are gutxiago klima aldaketari erantzuteko. Lehorteen atzetik datozen euri jasa izugarriek sortutako uholdeek kalte sakonak eragiten dituzte hirietan, funtsean horien diseinua desegokia delako. Badirudi krisi klimatikoarekin bizirauteko soluzioa gure bizitokiak belaki-hiri bihurtzea izan daitekeela; hau da, gainazaleko urak iragazteko, xurgatzeko, biltegiratzeko eta arazteko gai den azpiegitura berde bihurtzea. Kongjian Yu arkitektoa eta paisajista dugu kontzeptuaren sortzailea, duela aste batzuk saritua Cornelia Hahn Oberlander Global 2023 Nazioarteko Arkitektura Paisajistaren golardoarekin. Belaki-hirien nozioa, Harvard-eko unibertsitatean, doktorego ikasle zela garatu zuen 1992 eta 1995 urte bitartean, eta 2000. urteko hamarkadan frogatua izan ostean, 2014an Txinako Alderdi Komunistak hirigintza estrategia gisa bereganatu zuen. Harrezkero, mundu osoan zehar zabalduta dago ‘sponge city’ kontzeptua. Yu doktoreak hainbat eta hainbat paisaia proiektu gidatu ditu bere Turenscape izeneko arkitektura bulegoan, besteak beste, Xingola Gorriaren Parkea edo Sanyako mangladi parkea. Nolakoak dira, ordea, horrelako hirien ezaugarriak? Tamalez, gure gertukoenen antza gutxi daukate funtzionamenduan. Euri-urak sistema jasangarrien bidez drainatzen dira, ura zorupera modu naturalean iragaztea ahalbidetuz, eta, gainera, jarrera desberdina daukate uholdeen aurrean. Izan ere, hondamendiei naturan oinarritutako eskala handiko azpiegiturarekin erantzuten diete, belaki baten moduan ura xurgatzen dutenekin, hala nola hezeguneekin, bide berdeekin, eta parkeekin. Herri nahiz hirietan hain ohikoak diren ibaiertz tradizionalen, hodien, hustubideen eta ohiko ingeniaritzako beste irtenbideen mende egotea ekidin nahi da neurri batean, urak bere bidea egin dezan utziz. Bestalde, sistema hauen aplikazioak hiriak atseginagoak egiten dituzte, material gogorrak -asfaltoa eta hormigoia- material iragazgaitzekin ordezkatzen baita, esaterako, lurrarekin edota zoladura zeramikoekin, eta, era berean, berdeguneen eta zuhaitzen presentzia areagotzen da. Orain arte ingeniaritzaren ikuspegitik oztopo gisa ulertu diren txorkoak eta parterreak, bat-batean, belaki-hiri kontzeptuaren funtsezko lanabes izatera igaro dira. Horiekin batera, ezin gaitezke ahaztu estalki berdeekin eta lorategi bertikalekin, paper garrantzitsua baitaukate uraren arazketa eta biltegiratze prozesuan, baita hirietako bero-uharte efektuaren aurkako borrokan ere. Fenomeno klimatikoak ulertu eta horiekin bat datorren plangintza diseinatzea ezinbestekoa da, emaitza moduan hiri erresilienteak nahi baditugu. TXINAKO HIRIAK Gaur egun, Txina da belaki-hiri gehien dituen herrialdea, Baicheng, Qian’an, Jiann zein Xixian dira horietako batzuk, ezagunenak Shanghai eta Shenzhen suertatu daitezkeen arren. Horiek guztiak zeharo eraginkorrak dira, baina Yu Kongjianen printzipioak osotasunean jarraitzen dituztenak gutxi batzuk besterik ez dira. Dena dela, ahalegina egin dute euren azpiegiturak larrialdi klimatikoak eskatzen dituen beharretara moldatzeko, eta, hori aski ez dela, Asiako herrialdeak haren hiri-eremuen %80k euri-uren %70 xurgatzeko helburua ezarri du 2030. urterako. Gainontzeko herrialdeek ere begia bota diete ura modu jasangarrian eta naturalean drainatzeko sistemei. Berlinen, adibidez, hiri-belaki ereduaren aldeko apustua hasi zuten 2007. urtean. Harrezkero, hiri dentsitatea handitzen ari dira espazio librea zabaltzeko xurgapen geruza gisa balio dezan. Aldiz, zenbaitetan ematen du denok ez dugula planeta bera zapaltzen. Leku batzuetan tamaina esanguratsuko azpiegitura berdeak ezartzen dituzten bitartean, zoritxarrez, gure inguruko herrietan, zuhaitzen txorkoak -edo zuhaitz zuloak- kautxuz itotzen jarraituko dugu.