7K - zazpika astekaria
KIROLA

Haurren sedentarismoa


Azaroaren 20an ospatu zen Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna, haurren eskubideen aldeko eguna. Baten batek agian pentsa lezake haurrek nahikoa eskubide dituztela edo garai batean baino bizimodu errazagoa dutela, baina ez da hori gaurko hizketagaia. Izan ere, haurren oinarrizko eskubide baten inguruan hitz egingo dugu, aisialdirako eskubidearen inguruan, hain zuzen ere.

Azken urteotan, teknologia bezalako faktoreen eraginez, haurren aisialdirako ohiturak zeharo aldatu dira. Umeen ohiturak gero eta gehiago teknologia tresna berrietan oinarritzen dira eta horrek euren aisialdia gero eta sedentarioagoa izatea dakar. Jadanik ez dira ikusten aurrera eta atzera korrika dabiltzan umez beteriko plazak, ez behintzat lehen bezainbeste. Nahikoa da haur batek mugikor bat, erloju inteligente bat edo beste edozein tresna izatea aisialdia gailu horren inguruan zentratzeko.

Arazo nagusia ez da teknologia erabiltzea, ordea, horrek dakarren sedentarismoa baizik. Haurrak gero eta gutxiago mugitzen dira, gero eta erronka motor gutxiagori aurre egin behar diote, eta horrek haien garapena zuzenean oztopatzen du. Ezinbestekoa da haurrak estimulu ezberdinak jaso eta horiei aurre egiteko prozesu mental, sozial edo psikomotorrak martxan jartzea, eta horretarako, tresnarik baliotsuena mugimendua bera da.

Rodriguez-Hernandezek (2011) eta beste hainbat adituk buruturiko ikerketa batean, argi eta garbi frogatzen da ikasle sedentarioenek dutela arazo emozionalak, sozialak edo jokabide arazoak izateko probabilitate handiena. Hori aski ez eta, gorputz masaren indize (IMC, gaztelerazko sigletan) altua duten haurrek dute arazo mentalak pairatzeko probabilitate handiena, gainerako osasun arazoez gain.

Hala ere, arazo hauen kausa teknologiaren eragina soilik dela pentsatzea guztiz okerra da. Egia da teknologien munduak gaina hartu digula, baina gure bizi-ohiturak aztertu eta hauek aldatzetik ere has gintezke: zein modutan mugitzen garen gure eguneroko bizitzan, zein aisialdi ohitura ditugun, zein garrantzi ematen diogun jarduera fisikoari eta osasunari… Beraz, sor ditzagun haurrek euren aisialdiaz eta osasunaz gozatzeko inguruneak.