7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Desegin, berrerabili eta berdatu

Artikulu honen izenburuak argi eta garbi iradokitzen du etorkizuneko arkitekturak egin behar duen bidea: berrerabilpena, deseraikuntza eta ekologikoa izatea. Egile eta arkitektoak Bangkoken egindako proiektua aipatzen du: espazio publikoak, berdeak, ekologikoak, osasuntsuak...

Benjakitti Forest Park, Bangkok hiriko biriketako bat. (Turenscape eta Srirath Somsawat)

Aurreko argitalpenean belaki-hiriei buruz jardun ondoren, interesgarria izan daiteke, teoriez harago, errealitate den proiektu batean sakontzea. Bangkok erdian kokatzen den Benjakitti Forest Park egokia da horretarako, erabat eraldatua izan den 42,3 hektareako alderdi zabala baita, eta, horretaz gain, etorkizuneko arkitekturek hartu behar luketen joera erakusten baitigu: berrerabiltzea, desegitea eta berdatzea. Badirudi interbentzio mota horiek direla planeta murgilduta dagoen poli-krisian bizitzeko irtenbideak, edota hirietan erresilientzia bermatzeko oinarriak.

Proiektua antzinako tabako fabrika bat desmuntatzetik jaio zen, bata bestearen alboan pilatutako biltegiek eraturiko eremu industriala hustetik, eta jarrera horren oinarrian lekuaren eta lurraldearen irakurketa koherentea ezkutatzen da Turenscape eta Arsomslip Community and Environmental Architect bulegoen eskutik. Chao Phraya ibaiaren deltan dago Bangkok hiria, gaur egun 10,5 milioi biztanle gainditzen dituena, eta haren orografia oso laua da; batez beste 1,50 metroko altitude aldaketa dago zona batetik bestera. Hori gutxi balitz, jatorriz lur zingiratsuak zirenak lehortuak izan dira drainatzearen bitartez -ubideekin eta lurpeko uren ponpaketa estentsiboarekin-, hiri-garapenaren aldeko apustua egitearren. Gehiegizko lehortze horrek hondoratzeak ekarri ditu lurraldean, eta kontuan hartuta eskualdeko klima montzonikoa dela -urtean batez beste 1.500 mm-ko prezipitazioak daudela-, uholdeak izateko arriskua handia da euri jasen ondorioz, eta zer esanik ez krisialdi klimatikoak aurrera egin ahala. Horrexegatik, proiektuak eraikitako ingurunea deseginez atzera itzultzea du xedetzat, lekuko prozesu naturalekin bat egiten duen sistema eta ekosistema sortzeko.

Bangkokeko dentsitate trinkoan parkea sortzeak hiriari zerbitzu ekosistemiko holistikoak eskaintzen dizkio, eguneroko jolas nahiz kultura zerbitzuetarako espazio publikoa eskaintzeaz gain. Jarraitu diren estrategia nagusiak berrerabiltzea eta birziklatzea, hezeguneak zein porotsuak diren azalerak sortzea, eta mantentze lan txikiko berdeguneak eratzea izan dira; era horretan iritsi da proposamena lekuak zeuzkan erronkei aise gain hartzera. Eskala handiko berdegune honen diseinuan abiapuntua izan da zuhaitz denak mantentzea eta ibilbideak aurretik zeuden bide nagusietatik bideratzea, horiek eraitsi beharrik gabe. Azken horietan, esku-hartzeak egiten dira kamioenak ziren galtzadei eskala gizatiarragoa emateko, hala nola parterreak, bidegorriak, ur kanalak eta eserlekuak integratuz. Tabako fabrikaren pare bat pabiloik ere kiroldegia eta museoa barne hartzen dituzte, baina proposamenaren printzipioak aplikatuz. Pasaia bizia eta porotsua eraikinean sartzen da barruraino.

Gainerako zoladura iragazgaitzak desegin eta gero, naturan oinarrituriko soluzioak izan dira proiektua osatzeko lanabesak. Hiru hezegune nagusi sortzen dira, uharte txikiz inguratuta, ebaketa eta betelan teknikak erabiliz, eta, horrela, belaki itxurako pasaia porotsua 200.000 m3 euri-ur jasateko gai da montzoien urtaroan, ohikoak diren uholde arazoei erantzuna emanez. Hezegune bakoitzak bi sakonera ditu: ertzetan sakonera gutxiko ertza, eta erdialdean, berriz, sakonera handiagoko gunea. Ertz horiek uraren kalitatea hobetzeko hezegune lineal batera konektatuta daude, helburua izanik iristen diren ur kutsatuak araztea, eta, modu horretan, espezieen bizitzari eustea eta landare komunitate oparoa ezartzea.

Lursaila hainbat mikroingurunek osatzen dute, eta horietan fauna eta floraren arteko erlazio ekologikoak eta sinbiotikoak garatzen dira. Proiektuak antzinako tabako fabrikaren aztarna zeharo ezabatu du, zuhaitz sailak landatuz eta haziak ereinez. Lurraren lanketak -lurzoru buztintsuaren moldaketak-, bestalde, habitata biziberritzea ekarri du, landare autoktonoen komunitate aberatsa ezarri baita bertan, orain, landaredi baxuko mosaiko bat da, estetika desordenatua daukana, oso dinamikoa eta anitza, eta inguruko hiri-pasaiarekin kontrastatzen duena.

Bangkok zalapartatsuaren biriketako bat da belaki funtzionamenduko parke hau, euri uren indar suntsitzailearekin orekan egoteaz gain, biztanleen aisia, osasuna eta etorkizuna bermatzen baitu azpiegitura berdeak, ortzimugan dagoen etorkizun ziurgabearen aurrean.