2023 ABEN. 17 KIROLA Oinen eta behatzen osasuna Julio Pastrian Mendiola - Salto Training Oinak gure gorputzeko egitura konplexuenetarikoak dira. Mendeetan zehar aldaketa ugari izan dituzte, gizakiaren lokomozio egoki bat sustatzeko. Bi funtzio nagusi dituztela esango genuke. Alde batetik, zama altuak eusteko gaitasuna eta, bestetik, propultsio eta egonkortasun dinamikoa eskaintzea. Gorputzak jasotzen dituen indar guztiak lurretik datozenez, behatzak eta oinak dira indar horiek xurgatzen dituzten lehenengo gorputz atalak. Baina, nolakoak dira gure oinak? Gizakion oinak hezur, gihar eta lotailu txikiez osaturik daude. Egitura sendoa izateaz gain, mugikortasun handia dute, oinarri bakoitzean jasan behar ditugun tentsio eta presio ezberdinei era egokian egokitu ahal izateko. Oinen atzealdea, orpoak, hezur handiz eta sendoz osaturik daude, gorputzaren pisuari eusteko. Bestalde, behatzetako hezurrak txikiagoak izan ohi dira, oinaren mugikortasun egoki bat lortzeko. Zuetako askok galdera bera izango duzue buruan: zergatik hainbesteko garrantzia oinei eta behatzei? Erantzuna ulertzea erraza da. Bizitza osoa ibiltzen pasatzen dugu, lurreko alderdi ezberdinak zapalduz, gure oinak etengabe egokitu behar direla. Pertsona gehienek ez dugu era egokian zapaltzen, eta horrek gorputzeko beste atal batzuetan (belaunak, aldakak, bizkarra…) desorekak eta lesioak sor ditzake. Eguneroko bizitzan gauza hauek gertatzen badira, zer esanik ez kirol eta jarduera fisikoaren alorretan. Aipatutako indar transmisio horiek bortitzagoak izaten dira, eta lesioak izateko arrisku gehiago. Gainera, egunerokotasunerako erabiltzen ditugun oinetakoak ez dira egokiak izaten. Oinetako oso estuak erabiltzen ditugu, behatzak behar baino gehiago estutuz eta oinarria kaltetuz. Horren ondorioz, faszitis-a, behatzen deformazioak… izaten ditugu. Eta hauek sendatzea ez da erraza izaten. Oinek eta behatzek askatasuna behar dute. Beraz, etxean gaudenean, aukera ona izan daiteke oinutsik ibiltzea, oinaren muskulatura intrintsekoa indartzeko eta behatzen oinarria sendotzeko. Jarduera fisikoaren arloan hau zailagoa izaten da, oinetakoak beharrezkoak baititugu. Hortaz, oinetako zabalak erabiltzea gomendatzen dut, gure oinak urte askotan osasuntsu mantendu ahal izateko. Osasungarria denez gero, hasi jarduera fisikoa egiten, eta ziur zure bizi kalitateak hobera egingo duela.