7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Argi: pabiloi ibiltaria

Duela gutxi Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizioa ospatu da, jardueraz betetako ekitaldia. Artikulu honen egileak Argi pabiloiaren barrunbeetara garamatza, arkitektura iragankorra ulertzeko moduen aniztasuna adierazten duen pabiloi iragankorretako batera.

Donostiako Alderdi Eder plazan jarritako Argi pabiloiaren irudia. (Mikel Blasco)

Azaroko ilunabarrak argitu dituenik bada Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizio honetan. Donostiako Alderdi Eder Plaza jakinguraz puztu du EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren pabiloi ibiltariak: Argi pabiloiak. Arkitekturaren rola gizartean hedatzeko asmoz, azken bi hilabeteetan, erakunde akademikoak kalera atera ditu bere jarduerak; hala nola erakusketak, hitzaldiak zein eskolak. Unibertsitatea hirigunean barrena hedatu da, hiritarren kezkak nahiz interesak eztabaidatzeko xedez.

Proiektua eskolako irakasleen -Jon Begiristain, Iñigo Garcia eta Josemi Rico- eta ikasleen -Mikel Oses, Martin Lasa, Asier Quintana eta Jon Otxoantezana- arteko elkarlanetik jaio da, eta, diseinuaz gain, muntaketaren zenbait fasez ere arduratu dira; nolabait esatearren, denok argiztatu gaituen itsasargia piztu dute Kontxako badian.

Pabiloi iragankorra eraikitzeko, dena den, beharrezkoa izan da sektore desberdinetako enpresen arteko lankidetza; Egoin enpresarena -zurezko elementuak ekoitzi dituena-, eta Lamp enpresarena -argiztapen elementuak instalatu dituena-.

Forma eta materialtasun bereziak dituen objektua zeharo bereizgarria suertatu da pasealekuan. Ezaugarri horiek, berezitasuna bilatzeko apetaz gain, denboraren eta garraioaren faktoreen emaitza izan dira; izan ere, diseinua pabiloia erraz lekualdatzeko eta azkar muntatzeko pentsatu da batez ere. Zurezko CLT pieza industrializatuek pabiloiaren 12 x 12 metroko esparrua eraikitzen dute -irakaskuntzarako, hizketaldietarako, eta mahai inguruetarako-, eta, aldi berean, erakusketen euskarri dira. Horrez gain, kaxoiek barruko espazioa erabilgarria izateko behar diren tresnak gordetzen dituzte, besteak beste, altzariak edo argiztapena. Instalazioa muntatu bezain azkar desmuntatzen da, eta erakusketak barruan gordeta dituela garraiatzea posible da. Gainera, zimendu edota ainguraketa zehatzik behar ez izateak edonon kokatzeko aukera ematen dio, kokapen desberdinak probatzeko inolako mugarik gabe.

Egurrezko modulu aurrefabrikatu denek ez daukate biltegiratze funtzioa; ertzetakoak irekigarriak dira, barneko espaziora sartzea posible izateko. Parez pare irekita daudenean, bisitariek espazioa alde batetik bestera zeharka dezakete, hala nola barnera sartzera gonbidatua sentitzen zara, eta itxita daudenean, aldiz, pabiloia forma abstraktu bat bilakatzen da. Bolumen karratuaren kanpoko azalera erreta dago Yakisugi teknika japoniarrarekin, zura agente biotikoetatik babesteko, eta, horrela, oinarriak sendotasuna hartzen du, tratamenduak gainazalari ematen dion irudi homogeneoa eta iluna dela-eta.

Goiko aldea, berriz, ehun-burbuila puzgarri batek estaltzen du, aterpea emanez. Instalazioaren osagairik deigarrienak barne-espazioa argiztatzeaz gain, bera ere argi-elementu bilakatzen da pabiloia ikusgarria egiteko. Sekulako ikusmira eragin du bolumen zuriaren barnealdeko bisitak, eta zortedun gutxi batzuek izan dute esperientzia horretaz gozatzeko aukera, hodeian murgildu eta flotatzeko abagunea. Pabiloiko jardunaren oihartzuna da, nolabait, Argik igortzen duen argia; gizartearen, arkitekturaren eta etorkizuneko hirien norabidea nonbait egosten ari den seinalea.

Bost erakusketa txiki jaso ditu pabiloiak Donostiako egonaldian, horien artean ikasleen kurtsoko proiektuak eta irakasleen ikerketa lanak, planoez, irudiez nahiz maketez babestuak. Horiek guztiak eskolen parte izan diren zenbait hitzaldiz lagundu dira azken hilabetean, unibertsitateko jarduera kalera plazaratuz, burbuila pentsalaria legez. Lehenengo misioa arrakastaz amaitutzat eman da Donostian, lekuko klimaren bereizgarri diren haizeteak eta euriteak aise gainditu ostean. Pabiloia desmuntatua izan den arren, arkitektura kontuak jorratzeko plaza berriro bisitatzeko aukera izango da, noski; Argiren distira ez da berehalakoan itzaliko, badago-eta zer eztabaidatu.