2023 ABEN. 31 ERREFORMARI, ERREGAIA Erretreten adina gibelatzearen aurkako borrokaren barraskiloa Parisko kaleak zaborrez beteta, legearen aurkako salaketa gisa. ( Stefano Rellandini | AFP) Maite Ubiria Emmanuel Macron presidente frantziarraren lehenengo agintaldia horiz tindatu zuten errepidean autozaleek janzten duten txalekoa ikur bilakatu zuten ehunka mila herritarrek Estatu frantsesean. Eliseoko Jauregian beste bost urtez igarotzeko txartela irabaziz gero, erretreten erreforma bilakatu zen sua pizteko erregai berria. Hala, sindikatuen babespean, hilabete luzeak iraun zuen burdinazko pultsua bota zioten herritarrek Emmanuel Macroni, zeina, agintera iristeko eremu politiko ezberdinetatik maileguak hartu ostean, presidentetzarako bigarren bozka irabazita, eskuin gogorraren errailean bete-betean sartu den. Baionako karriketan mobilizazio jendetsuak egin zituzten borroken barraskilo horretan. Mobilizazio zikloak iraun zuen bitartean, Ipar Euskal Herrira etorri zen Gobernu frantseseko kide bakoitzari lapikoen harrabotsa entzunarazi zioten herritarrek. Bestalde, saltokietan, garraio sarean edo Baionako portuan 62 urtetik 64 urtetara erretreta hartzeko adina gibelatuko duen erreforma salatzeko blokeoak ez ziren falta izan. Mugimenduak ez zuen bere helburua bete. Edo, agian, bai, erdizka bada ere. Asanblea Nazionalean atzeman zitzakeen aliatuak uxatu zituen mugimendu sozialak eta, finean, martxoaren 16an Gobernuak Konstituzioaren 49.3 artikulua aldarrikatu zuen, erreforma onarrarazteko. Barkamenak aurkeztu zituen agintariak, gizartearekin lotura berrosatu nahian. Alta, azaleko errukia fite alboratuz, autoritarismoari bide eman dio gehiengo baten falta estaltzeko. Hasi berria den legealdiari porrot usaina dariolarik, inoiz baino bakartuago ikusten da Macron.