2023 ABEN. 31 OSAKIDETZAREN OSASUNA EZBAIAN Salbuespenak noiz bukatuko zain Joan den otsailaren 21ean, Osakidetzako langile eta sindikatuen elkarretaratzea Donostiako Ospitalean, Lakuako Gobernua egiten ari zen kudeaketaz kexu. (Andoni Canellada | Foku) Maddi Txintxurreta Erlojuak geldirik daude Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko anbulatorio eta ospitaleetan. Hamabi orduz zain egon da jendea, lurrean, Txagorritxuko larrialdietan. Salbuespena omen, Bingen Zupiria Lakuako bozeramailearen esanetan; abenduko zubiak, jakina da, katarroa uzten du ordainetan. Inoiz baino kexa gehiago jaso ditu EAEko osasun zerbitzu publikoak 2023an. Lehenengo bederatzi hilabeteetan 36.000 bildu zituen, 2022ko epe berean baino %10 gehiago. Osasun Ministerioaren arabera, operazio kirurgikoetarako itxarote epea igo egin da 2022tik 2023ra: 64 egunetik 73ra. Alta, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak «datu errealak» zituela esan zuen, eta baieztatu itxarote epea jaitsi egin dela, 85 egunetik (2022ko abuztuan) 62 egunera (2023ko azaroan), datuok erakusten dutela Osakidetza «bide onetik» doala, inor ez dela osasun sistema desegiten ari, zerbitzuak eta baliabideak murrizten ari; azken urtean, dozenaka eragileren babesarekin eta hainbat bider kalera atera diren herritar eta profesionalak oker daudela, «erreala» berea dela. Oker EAEko biztanleen %34a, Lakuak osasun arloan izan duen kudeaketa txartzat jotzen duena, Soziometroaren arabera. Osakidetzako iradokizunen kutxa, izatekotan, salbuespenez betetako gordailua izango da, beraz. Urtebetean, Osakidetzako espezialistarekin lehen hitzordua izatea espero zuten pazienteen kopurua 39.000tik (2022) 69.500era (2023) igo zen, hau da, %78. Erlojuak geldirik daude, milaka paziente zain, baina Lakua ez da iritsi. 2023ko azaroaren 27az geroztik, Donostia Ospitaleko zerbitzu onkologiko guztiak aldameneko Onkologia eraikinera pasatu zituen Lakuak azkenean, eta bertako beharginak langile publiko bilakatzeko prozesuari ekin; hitzarmena 2018tik sinatuta zegoela, Gasteizko Legebiltzarrean 2013tik hitzartuta. Iritsi da Lakua, berandu, baina iritsi da. Orain, Osakidetzan egiturazko aldaketak noiz iritsiko diren... zain dago jendea, lurrean eserita, benetan luze doa eta.