2024 URT. 14 IRITZIA Galdera propioak Amagoia Mujika Memoriaren zimurretan arakatzen dudanean, ez dut topatzen umetan zer izan nahi nuen biltzen duen kutxa interesgarririk. Grazia izaten du astronauta izan nahi zenuela esateak. Nik kazetaria izan nahi nuen. Gutxi gehiago esan dezaket. Etxean kontatzen dute hizketan hasi orduko egurrezko koilara handi bat hartu eta mikroa balitz bezala erabiltzen nuela. Arropa garbigailuaren aurrean lurrean eseri eta hari kontatzen omen nizkion albisteak. Hori ez dut gogoan. Baina gogoratzen dut betidanik irakurtzea eta idaztea izan dela munduan egoteko nire modua. GARA egunkariak 25 urte beteko ditu aurten. Nik 23 urte egingo ditut bertan lanean, niri lan ibilbide osoa. Urtemuga bereziaren harira, Artefaktua deitutako kazetaritza ariketarekin ari gara erredakzioan; 1977an euskal prentsa independentea sortu zenetik gaur arteko bideari begiratu zorrotz bat egiteko ahaleginean. Suertea da dagoeneko euskal prentsa independentea existitzen zen jendarte batera sortu izana eta suerteko sentitzen naiz, kazetaritza tarteko, historiaren pasarte garrantzitsu asko alde honetan bizitzeko aukera izan dudalako. Telefono-aurkibidea hartuta lan egiten zuten lankideak ezagutu ditut. Bai, bai, lehen etxe guztietan izaten ziren liburukote lodi horiek hartu eta gertaera gertatu zen herriko edozein telefonotara deitzen zutenak informazioa lortu nahian. Internetik gabeko garaiak. Gure herriko historia latzeko gertaera gogor asko bizi izan ditut gertutik, kazetariaren aldean. Parean, maite dituenak oso urrun dituenaren ezina; heriotzak kolpatu duenaren itolarria; amorratuta dagoenaren txilioa... saiatu naiz ikasten zein galdera diren egokiak eta zein isilune beharrezkoak. Lanbide honi esker asko miresten dudan jendea gertutik ezagutu ahal izan dut eta ezagutzen ez nituen beste askok liluratu naute. Lankide zorrotzenei begira ikasten jarraitzen dut egunero; egia osorik ez da existitzen, bertsio ofizialek itoginak dituzte, beti dago zer hobetua, beti dago galdera pertinenteago bat... Ez dut arrosa koloreko ipuinik kontatuko. Lanbide honek, gehienek bezala, miseria propioak ditu. Txarra kenduta, garbi daukat pertsona oso desberdina izango nintzatekeela kazetaria ez banintz. Eta garbi daukat Euskal Herria ere herri oso desberdina izango litzatekeela prentsa independente propioa izan ez balu, galdera propioak egiteko ohiturarik eta indarrik landu ez balu. Herri bezala, ez genuke ohitura osasuntsu eta beharrezko hori galdu behar, garaiotan inoiz baino premia handiagoa dago eta. Tengo claro que sería una persona muy diferente si no fuera periodista. Y tengo claro que el País Vasco también sería un pueblo muy diferente si no hubiera tenido su propia prensa independiente, si no hubiera trabajado la costumbre y la fuerza de hacer sus propias preguntas