2024 URT. 21 IRITZIA Eskatzen hasita Jokin Urain Eskatzen hasita, aldian-aldian eskatzen diogu hau edo bestea urte berri bakoitzari, eta planak egiten ditugu, asmoak hartzen ditugu, handiak batzuk eta apalagoak besteak. Espresuki horretara jarri gabe ere izaten ditugu nahiak, bizi guztian arrastaka dakartzagunak ere bai tartean, handiegi suertatuta nonbait, bete gabe geratu direlako urtez urte berritzen ditugunak. Aurtengoa agian ez da salbuespen izango horretan, desio guztiak betetzekotan guztien desioak bete beharko liratekeelako. Irudimenak eman ahala desio betetzea asko litzateke, mundu ustez perfektua bakoitzaren erara osatzeraino jarrai dezakegulako eskatzen. Gainera, zenbat eta gehiagok egin eskariak, ugaltzen doaz kontraesankorrak izateko aukerak, eta nahas-mahas konponezin bilaka liteke dena. Batzuen nahiek ito ditzakete besteenak, norbere zoriona hurkoaren kaltearekin eraiki nahi izateraino. Denen gustua egitekotan, bakoitzarentzat mundu bat beharko genuke beharbada, denon artean gustuko bat osatzen ez baitugu orain artean asmatu. Eskatzen hasita, gerrak amaitzea, mundu guztian bakea izatea, gosea eta miseria ezabatzea, mila urtez bizitzea edo unibertso finitu edo infinituan beste planeta bat topatu eta bertara joan ahal izatea, erdiek edo herenek gauden honetatik alde egitea izan daitekeelako konponbide on bat. Ohiko eskariak ohiko arauan berritzen ditugu, errealitatetik gero eta urrunagoko aparrean. Ez dugu sestrarik nahi, baina aferak zehaztera jo orduko hasten dira arazoak. Arazoak konpontzen baino iaioagoak gara berriak sortzen. Denboran atzera oso urrutira joan gabe, bakoitzak begira diezaiela iazko urtean sortu eta konpondu ezinean darabiltzan arazoei. Edo errepara diezaieke urte osoan zehar komunikabideetatik eskandaluzko itxurarekin egunez egun erakutsi dizkiguten munduko arazo handiei eta haiei buruzko irudi eta esanei. Edo balantzan jar ditzakegu, konpondu diren arazoak alde batean eta sortu diren berriak bestean… Eta, hala ere, zergatik ez jarraitu urte berri bakoitzari eskaerak egiten! Lehen hilabetearen erdia baino gehiago pasata eta ikusiak ikusita, ez dakit eskariak egiteko epeetan gauden oraindik, ala amaitua ote den plazoa. Dena den, duela astebete milaka lagun Bilboko kaleetara eraman gintuen nahia betetzea eskatuko nioke aurtengoari. Arazoak konpontzen baino iaioagoak gara berriak sortzen. Denboran atzera oso urrutira joan gabe, bakoitzak begira diezaiela iazko urtean sortu eta konpondu ezinean darabiltzan arazoei. Edo errepara diezaieke urte osoan zehar komunikabideetatik eskandaluzko itxurarekin egunez egun erakutsi dizkiguten munduko arazo handiei eta haiei buruzko irudi eta esanei.