2024 OTS. 11 IRITZIA Mozorroaz Sustrai Colina S. apurgarria, Aukeratu al duzu mozorroa? Ez naiz inauterietakoaz ari. Semearen gaixoaldi bat nahikoa da osasun-sistema hezurretan laga dutela ohartzeko, zaintza eten bat dela jabetzeko, desordutan lan egitera itzultzeko, loa galtzeko, zure burua eklipsatzeko. Semearen eztula aski da isilik dagoen sakelakoan bakardadea ikusteko, zerumuga kolektiborik eza prestakuntza indibidualarekin ordezkatu behar duzula sinesteko, 2024a behingoz has dadin desio izateko. Karrikan gurutzatzen duzun jendearekin oroitu zara orduan, egunari automaten gisan ekiten diotenekin, zure tankerakoak ziruditen lagunekin. Zertarako dira lagunak beraiekin alderatu eta inbidia sentitzeko ez bada? Erakusten dutena dira zinez ala, zure gisan, “Esto no es Suecia” telesaileko pertsonaiak antzezten dituzte? Zer ezkutatzen dute? Zein da beraien mozorroa? Irribarrea ere mozorrotzen duzu zuk. Hortzak ezkerrarekin garbitzeko gomendatu dizu dentistak, eskuinaren bortxak hortzoiak z(a)uritzen dituela. Torturaren aurkako nazioarteko egunaren bezperetan gaudela gogoratu zara. San Balentin egunaren bezperetan gaudela gogorarazi dizute. Torturaren erromantikoez eta erromantikoaren torturaz idatzi behar zenuke, ametsak betetzea bizitza hondatzeko modua izan daitekeela, ez dagoela beti alertan bizitzea baino higatzaileagorik. Nagoren izan zinen azken aldian, Itoizko urtegiari so, garrasika hasteko bulkadari eusten nahiko lan izan zenuela kontatuz has zaitezke, memoriak paisaia eraldatzen duela, orain astebete eraitsi zuten eskola aurreko eraikina nolakoa zen ahantzi duzula jada. Ez omen dira oroitzapenak aukeratzen. Memoria hautu politikoa da beti. Irribarreak eta memoria bakarrik ez, egunak ere mozorrotzen dira orain. Aste zuria deitzen diote datorrenari. Eskuinaren bortxak egutegia ere z(a)uritzen du. Enegarren hasiera izan daiteke zuretzat. Politikariek ez al dute aro berri bat irudikatzen haizeak bizkarra ematen dienean? Gaur egiten duzunak bihar izango zarena markatzen duela berresteko balia dezakezu, Zadie Smithen azken nobela irakurtzeko, J.rekin bazkaltzeko edo, besterik gabe, horroreari erantzun aurrerakoiak bilatzeko borrokan adoretzeko. Inauterietara atera zaitezke bestela, kontsumitu beharrean parte hartu, koko beltz zein zuria izan, baina pertsona grisa izateari utzi. Sendatu da semea, ez daukazu ihesbiderik: aukeratu duzu mozorroa? Irribarreak eta memoria bakarrik ez, egunak ere mozorrotzen dira orain. Aste zuria deitzen diote datorrenari. Eskuinaren bortxak egutegia ere z(a)uritzen du. Enegarren hasiera izan daiteke zuretzat. Politikariek ez al dute aro berri bat irudikatzen haizeak bizkarra ematen dienean?