2024 OTS. 25 IRITZIA Traktoreez Sustrai Colina S. apurgarria, Zergatik egiten zaizkizu, aspaldion, hilabeteak motz baina egunak luze? Galde niezazukeen zer moduz egon zareten oporretan, zer sentitzen duzun gurasoen agendan hiletak gero eta presenteago daudela jabetzean ala, besterik gabe, aipa niezazukeen itzaltzear direla inauteriak, piztekotan dela Korrika eta, ohartzerako, laurdena jan diozula urteari. Arraroa da: nahi duzuna erantzuteak asaldatzen nau eta, aldi berean, ez zintuzket nahi ez dituzun arrapostuetara behartu gura. Mandatuetatik bueltan, hirigunean traktoreak ikusi zenituela kontatu didazu. Maider Lopezen “Ataskoa” izeneko performance-arekin gogoratu zinela, nola sortu zuen auto-ilara kaotikoa apenas autorik igarotzen zen inguruan eta nola, urte batzuk beranduago, pandemiak plagiatu zuen artea. Hirigune kolapsatuak umorearen definiziora eraman zintuen gero, puzzlearen osotasuna ulertzeko pieza bakoitza bere lekutik urruntzera, bizi duzun aldia beste garai batzuetako begiekin ikuskatzera. Laborantzarik gabe ez dagoela jakirik zioen pankarta zeraman traktore batek, eskolako kantinetan zomorroak agertu zirela irakurri duzu berriki, etxepeko jantoki sozialaren atariko ilara luzatzen nabaritzen duzu astero eta, ezinbestean, oinarri-oinarrira itzultzeko aldarria trabatzen zaizu zintzurrean gora. Baina, ez zaitez engainatu; zuk ez daukazu traktorerik, zure bertsoek ez dute hirigunerik blokeatzen, zure zutabeek ez dute autobiderik ixten. Nor larrituko litzateke bertsolariak isilduko balira, idazleek planto egin eta musikariek sortuko ez balute? Eseriko al lirateke agintariak kulturgileekin negoziatzera? Nork ekingo lioke teknologiak talentua ere ordezka dezakeela sinetsarazteari? Zinemaren faltan, sakelakoarekin egiten dituzun baina ikusteko astirik ez duzun argazkiekin egingo zenuke topo, lagunek bidaltzen dizkizuten bideoekin etsi eta, nork daki, errealitateak artea egunero performatzen duela iradokitzen amaituko zenuke zuk ere. Hobe zenuen, mandatuetatik etxera bueltan, afaria prestatzen ari zinela, irratian Anari disko berria argitaratzear zela aditu zenuela kontatu bazenit. Giza zarataz galdetuko nizun, Tristuraren Industriak pozik eragiten al dizun eta, beharbada, ez zinatekeen betiko galderetan kateatzeagatik suminduko. Baina horixe zara zu ere, traktore bat hirigunean, zure traktorea zure hirigunea kolapsatzen. Zinemaren faltan, sakelakoarekin egiten dituzun baina ikusteko astirik ez duzun argazkiekin egingo zenuke topo, lagunek bidaltzen dizkizuten bideoekin etsi eta, nork daki, errealitateak artea egunero performatzen duela iradokitzen amaituko zenuke zuk ere.